HEZKUNTZA. ESKOLA JAZARPENA

«Jazarpena eskola guztietan ari da gertatzen»

GASTEIZ
2005eko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Cristina del Barrio Psikologian doktorea Gasteizen mintzatu zen joan zen ostegunean Arartekoak antolatutako hitzaldian. Eskola jazarpenari buruzko adituak uste du arazoa «gutxietsi» egin izan dela orain arte.

'Bullying'-a gora egiten ari al da?

Ematen du ezetz, gero eta kontzientzia handiagoa dago eta. Jazarpen edo botere gehiegikeria egunerokoa izan ohi da esparru askotan, eta, beraz, gazteen artean ere; kontua da eskola leku egokia dela horretarako.

Zertan dago gaur egun arazoa?

Espainiako Estatu osoko Bigarren Hezkuntzako 3.000 ikasleren kasuak aztertu eta %20 inguruk eskolara joateko beldurra zutela jakin genuen. Horien %61ek zioten arrazoi nagusiakide batzuenganako bedurra zela. Datu itzela da kideen erruz izatea, batez ere taldeak berebiziko garrantzia duenean, kideak solaskide bihurtzen direlarik.

Oro har, gure irudipena da eskola guztietan gertatzen ari dela jazarpena, era batera edo bestera. Kontua da oso erraza eta tentazio handia dela norbaiten desabantaila aprobetxatzea.

Zein da eskola jazarpena gerta dadin gehien eragiten duen faktorea?

Jazarpena egiten dutenek errekonozimendua lortu nahi dute taldean, gaztetxoen artean oso garrantzitsua baita hori. Biktimen kasuan, erabakigarria izaten da desabantaila egoera batean egotea, baina desabantaila hori definitzen duten irizpideak ugari dira; adibidez, soil-soilik berria edo ezberdina izatea. Adituen arabera, ia ustekabea izaten da: pertsona bat talde batean egon daiteke eta inoiz ez jazarpenik jasan, eta, beste batera aldatu, eta, bai.

Irakasleak prestatuta al daude arazook kudeatzeko? Kasuok gertatu direnean berandu erreakzionatzea leporatu izan zaie.

Irakaslegoa ez dago prestatuta arazoak ikasleen konfiantza irabazteko estrategiak erabiliz konpontzeko. Baina denok gaude prestatuta gure aurrean isekarik txikiena ere ez onartzeko, ezta? Horrek, gainera, autoritate egoera hobean jartzen du irakaslea. Edozein taldetan egonda, erabakitzen duena isiltzen dela ikusiz gero, txarra...

Arazo hauek konpondu beharraren erantzukizun handiena irakaslearengana doa. Gurasoak ez al dira ardura gehiegi besteen esku uzten ari?

Gurasoek ezin dute beste aldera begiratu, are gutxiago seme-alaba haurtzaroaren amaiera eta nerabezaroaren hasieran badago; funtsezko rola daukate. Baina, bai, irakasleek parte-hartze garrantzitsua dute beti: ez ohi dute gazteek gurasoekin duten harreman emozional estu hori eta protagonismo handiagoa har dezakete. Rol zaila dute, baina asko egin dezakete. Socratesek bere garaian zioen irakaslea zela ikasleen burua eraikitzeko arduraduna. Gaur egungo irakasle gutxik diote hori. Gurasoek lan aktiboa izan behar dute, baina oso litekeena da jazarpen kasuei buruz ezertxo ere ez jakitea.

'Neska-mutikoak oso gaiztoak izatera hel daitezke'. Hitzetik hortzera entzun ohi da hori.

Zorionez, gutxi batzuk baino ez dira gaiztoak. Gehienak ez, eta, hain zuzen ere, horiei eman behar zaie protagonismoa. Gogoeta batzuk sustatu behar dira gelan eta erakutsi ausartenak edo heroiak direla umiliazioa ibiltzen duen liderrarenganako beldurra gainditzen dutenak.

Uste duzu Administrazioak 'lotan' harrapatu dituela auzi honek?

Batzuk ez. Baina argi dago gaur egun den-denek auzi honi heldu behar diotela, baina ganoraz, batzuetan ematen baitu zenbait beren buruak zuritzeko ari direla. Irakasleei laguntza handia eman behar diete, baliabideen edo gizarte laguntzaileen ekarriaren premia dutelako.

Zer alde dago Lehen Hezkuntzako eta Bigarreneko kasuen artean?

Lehen Hezkuntzan jazarpen erakustaldiak agerikoagoak direla esan ohi da, argiagoak. Azterlanen arabera, jazarpen gehien izaten dira 10 eta 14 urte bitartekoengan. Izan ere, nerabezaroak aurrera egin ahala desagertzen da errekonozimendua bilatu nahi izate hori. Horregatik, Jokin Zeberioren kasua bezala, larria da nerabezaroaren amaieran ere jarraitzen duenean; biktimari ohi baino gogorragoa egingo zitzaion, akaso.

Zer lezio dakar Jokinen kasuak?

Kasuaren ondorio larriak astindu du gizartea, baina ez zuen horrenbeste zertan gertatu gizartea astintzeko. Bestetik, kasua eredugarria izan da. Adibidez, irakasle batzuek jazarpentzat ez hartzea jazotzen ari ziren kontu zenbait, edo ustezko erasotzaileak taldetik ateratzea... Nire ustez, taldean jarraitu behar zuten; beste ikuspegi batekin, agian, baina jarraitu.

Europako eskarmentuaren berri duzu. Finlandia eta Herbehereetakoa, kasu. Zer-nola jokatzen da han?

Finlandian nahiz Holandan ordu asko ematen ditu irakasleak ikaslearekin. Inplikazioa erabatekoa da eta harreman zuzena dago familiekin. Irakasleek familien etxera jotzen dute behar izanez gero eta gaztetxoarenganaino joaten dira gelan agertu ez bada. Eta garrantzitsuena da konfiantza dutela hori egiteko.

Zorrotz jokatu behar al du?

Jazarpenaren garrantzia gutxietsi egin da orain arte. Suizidio bat behar al da bestela jokatzeko ala?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.