Jean-Michel Galant kontseilari nagusi abertzaleak 86 boz falta izan ditu kontseilari nagusi aulkiari eusteko. Gutxigatik baina, Jean-Baptiste Lambert Baigorriko (Nafarroa Beherea) auzapeza eta UMP eta Modem taldeek bultzatua izanen da kontseilari nagusi berria.
Horrenbestez, abertzaleek ez dute ordezkaririk izango Kontseilu Nagusian. Nolanahi ere, EH Bai koalizioaren sostenguarekin aurkeztu den Galantek duela zazpi urteko emaitzak hobetu ditu bai boto kopuruan, bai ehunekoan: 1.300 boto jaso ditu aurten, %32,59; aurreko hauteskundeetan, berriz, 1.188 boto, %29,11. Hala ere, duela zazpi urte banatuta aurkeztu ziren zentroa eta eskuina, eta, oraingoan, berriz, bat egin dute Jean-Baptiste Lambert Baigorriko auzapezaren inguruan. Ondorioz, Lambertek hautagai abertzaleak baino boto gehiago jaso ditu, Galant lehen itzulian erraz nagusitu zen arren.
Angelu eta Hendaiako kantonamenduetan ere aldaketa gertatu da: eskuinekoak izan dira orain arteko kontseilariak, eta orain, ezkerrekoak izango dira. Hala, Kotte Ezenarro sozialista izanen da Hendaiako kontseilari nagusi berria. Angelun ere sozialista batek kendu dio aulkia UMP-Modem taldeari, Guy Mondorge izanen baita kontseilari nagusi berria. Daniel Poulou diputatuak kontseilari nagusi kargua galdu du Hendaian, eta Beñat Gimenezek Angelun.
Ez da aldaketarik izanen, aldiz, Miarritzen. Juliette Seguelak irabazi ditu kantonamendu hauteskundeak. Uztaritzeko kantonamenduan ere Bernard Auroyk segituko du kontseilari nagusi izaten. Biak Modem alderdikoak dira. Donibane Lohizuneko kantonamenduan Philippe Juzan UMPko kontseilari nagusiak irabazi ditu hauteskundeak.
Kantonamendu hauteskundeak Iparraldean
Jean-Michel Galantek kontseilari aulkia galdu du
Duela zazpi urte baino boto gehiago bildu ditu hautagai abertzaleak, baina zentroak eta eskuinak bat egin du Jean-Baptiste Lambert Baigorriko UMPko alkateari botoa emateko. Hendaia eta Angeluko kantonamenduak, berriz, ezkerrera pasa dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu