MARTIN UGALDE KULTUR PARKEAREN KONTRAKO POLIZIA OPERAZIOA

Jende andana biltzea espero da Donostian, euskalgintza babestera

Euskalgintzaren aurkako azken polizia operazioa salatzeko eta euskara babesteko antolatu du gaur Kontseiluak manifestazioa, eta hainbat gizarte eragileren eta alderdi politikoren babesa jaso du horretarako

gurutze izagirre intxauspe
2003ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Euskalgintzaren aurkako azken erasoari erantzuteko milaka lagun biltzea espero da gaur Donostiako kaleetan. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Martin Ugalde Kultur Parkearen aurkako polizia operazioan atxilotutakoen aurka protesta egiteko manifestaziora deitu du, eta hainbat eta hainbat erakundek, alderdi politikok eta gizarte eragilek dagoeneko gaur Donostian izango direla jakinarazi dute.

Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, Gora Euskal Herri euskalduna, Bai Euskarari leloarekin, Donostiako Antiguako tuneletik. Pankarta nagusia Kontseiluko zuzendaritzak eramango du, eta horien atzean kokatuko dira alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariak.

Horien atzetik, Martin Ugalde Kultur Parkeko enpresetako eta erakundeetako langileek eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioko langileak beste pankarta bat eramango dute. Atxilotuak askatu, euskalgintza aurrera izango da bigarren pankartaren leloa, eta Martin Ugalde Kultur Parkeko elkarte eta enpresek izenpetuko dute.

Haien atzetik, euskalgintzaren aurka egindako polizia operazioarengatik protesta egitekomanifestaziora bilduko den jendeak hartuko du lekua.

Manifestazioaren deitzaileak, Kontseiluak, gizartearen babesa beharrezkoa dela esan du. «Euskara, euskalgintza eta euskal kultura mehatxatuta daude, eta ezinbestekoa da gizarte, alderdi politiko, eragile sozial eta erakundeen babesa», horregatik, euskal gizarteari gaur Donostiara joateko eskaera egin dio.

Halaber, atxilotutakoei elkartasuna adierazi die, eta gogoan eduki nahi izan zituen Kontseiluko zuzendaritzako kide diren bi lagunak: Joan MariLarrarte eta Mikel Arrizabalaga.

Horrekin batera, Kontseiluak gogorarazi nahi izan du azken polizia operazioren jomuga euskalgintza izan dela. Eta, horregatik, euskararen normalizazioa lortzeko, gizartearen, eragile sozialen eta alderdi politikoen konpromisoa ezinbestekotzat jo du.

Alderdi politikoen ordezkaritza Donostian

Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkarik baieztatu dute Donostian izango direla. Besteak beste, Miren Azkarate Kultura sailburua eta Joseba Azkarraga Justizia sailburua Donostian izango direla baieztatu dute.

Horiez gain, Anjeles Iztueta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak bere talde osoarekin Donostian izango dela ziurtatu du. Halaber, gogor gaitzetsi ditu atxiloketak. «Nire lehenengo pentsamendua atxilotutako pertsonen eskubideetan daukat, euskal gizarteak ez du onartuko beren kontrako torturarik», dio Iztuetak igorritako oharrak. Hala euskal kulturaren eta nortasunaren kontrako «eraso basati hau» euskal gizarteak onartuko ez duen ziurtasuna du Iztuetak, eta honakoa ere gaineratzen du: «Ez daukagu eskubiderik oraingoan euskal gizarteari huts egiteko».

Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkide Arnaldo Otegik ere gaur Donostiara joateko deia egin du. «Kalean erantzun behar zaio Espainiako indar okupatzaileek euskal enpresen aurka egindako erasoari», adierazi zuen Otegik.

Alderdi politikoen artean, besteak beste EAJk, EAk, Batasunak, Aralarrek eta EAE-ANVk ere ordezkaritza bat igorriko dutela esan dute.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Joxe Joan Gonzalez Txabarrik ere Kontseiluak deitu duen manifestazioan parte hartuko duela jakinarazi du, beste foru diputatuekin. Halaber, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJ, EA, EB-IU eta Aralarrek euskal kulturaren aurkako erasoa salatu zuten.

Bartzelonan ere elkarretaratzera deitu dute, 19:00etan, Sant Jaume plazan Utzi bakean euskal kultura! Deixeu en pau la cultura basca! lelopean.

Euskal Herriko hainbat udal eta elkartek autobusak antolatu dituzte gaurko manifestaziorako, besteak beste, Txorierritik,Bermeotik, Aulestitik, Santutxutik, Elorriotik, Zornotzatik eta Getxotik irtengo dira autobusak.

-

Atxikimenduak





g EAJ

g Batasuna

g EA

g Aralar

g EAE-ANV

g Gipuzkoako Foru Aldundia

g Udalbiltza (EAJ-EA)

g Udal hautetsien biltzarra

g ELA

g LAB

g CCOO

g EHNE

g STEE-EILAS

g ESK

g Elkarri

g Gazte Abertzaleak

g Segi

g EGK (Euskal Gazteen

Kontseilua)

g Seaska

g Euskadiko Editoreen Elkartea

g Euskara Kultur Elkargoa

g Bai Euskal Herriari

herri ekimena

g Askatasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.