Hirurehun bat lagunek erantzun diote 'Egunkaria'-ko langile ohiek egindako deialdiari, eta ordu erdiz Donostiako Bulebarrean izan dira, 'Espetxeratuak askatu', 'Atxilotuak askatu' zioten pankarten atzean. Halaber, otsaileko operazioan espetxeratutako hiru lagunen argazkiak eta ostegunean atxilotutakoenak han izan dira.
Jende ezagun asko bildu da elkarretaratzera; hala nola, Juan Mari Irigoien idazlea, Maddalen Lujanbio bertsolaria, Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta Elkar-eko editorea, Txutxi Ariznabarreta LAB sindikatuko komunikazio arduraduna, Joxe Austin Arrieta idazlea, Esteban Olaizola Gipuzkoako arrantzaleen burua, Koldo Almandoz kazetari eta zinegilea, Ramon Agirre aktorea, Joseba Alvarez ezker abertzaleko buruzagia, Inaki Irazabalbeitia Aralar-eko Gipuzkoako arduraduna zein Joxe Iriarte 'Bikila' Zutik-eko burua.
Bildutakoen artean, aurpegikera beltzak eta aldarte kezkatuak ziren nagusia, dudarik gabe, Madrilen deklaratzekoak diren zortzi atxilotuekin gertatuko denak sortutako arduragatik.
Euskalgintzaren aurkako polizia operazioak
Jende asko bildu da 'Egunkaria'-ren itxieraren zortzigarren hilabeteurreneko elkarretaratzean
Eguerdiko 12:30etatik 13:00etara bitartean, 300 bat lagun egon dira Donostiako Bulebarrean bilduta, 'Egunkaria'-ren itxiera eta osteguneko operazioa salatzeko, eta espetxeratu zein atxilotuak aska ditzaten eskatzeko. 'Egunkaria'-ren aurkako operazioaren ondorioz espetxeratutako hiru lagunak askatu arte, hilaren 20ro —hau da, itxi zuteneko hilabeteurrena betetzen den egunean—, elkarretaratzeak egingo zituztela erabaki zuten kazeta horretako langile ohiek. 'Egunkaria'-ren itxieratik zortzi hilabete betetzen dira gaur, eta, zoritxarrez, elkarretaratzea egiteko arrazoiak handitu egin dira, Guardia Zibilaren osteguneko segada dela-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu