Dekretu bidez onartu du Eusko Jaurlaritzak desfibriladoreak jartzea hainbat leku publikotan eta jende asko biltzen duten ekitaldi irekietan. Osasun Sailaren ekimenez onartu da dekretua, eta derrigorrean ezarri beharko dira aparailuak. Edonork erabiltzeko moduko aparailuak izango dira, erdiautomatikoak.
Aparailu horiekin bihotzekoa eman dietenen bizi-itxaropena hobetu dezaketela uste du Jaurlaritzak.
700 lagunetik gorako ekitaldietan
Merkataritza gune handietan eta 2.000 ikasle baino gehiagoko ikastetxeetan jarri beharko dira aparailuak. Era berean, 700 lagunetik gora biltzen dituzten ekitaldi publikoetan ere derrigorrezkoak izango dira.
50.000 herritar baino gehiago edota egunean 2.000 bidaiariren baino gehiagoren joan-etorria duten herrietako autobus eta tren geltokietan ere jarri beharko dira desfibriladoreak.