Espero bezala, euskaltzale askok egin die ongietorria Korrikari Iruñerrian. 13:30 pasatuta iritsi da lekukoa Iruñera, Berriozartik, eta orduak aurrera egin ahala geroz eta jende gehiago gehitu zaio. Atzo ez bezala, eguraldia lagun izan du gaur lekukoak, eta asko bildu dira korrika egitera.
Iruñerriko AEK-ko furgoneta Markalainen, Txantrean euskaltzaleak berotzen, haurrak ikastetxeetatik noiz aterako ordulariari begira... Eguerdian iritsi da Iruñerrira, eta giro ederrean egin diote ongietorria. Berriozarren eta Iruñean ibili ondoren, eta Antsoainen, Burlatan, Atarrabian eta Zizur Nagusian izan da.
Atzerapenik gabe, Nafarroa Beherera
Goizaldean sartu da Nafarroan lekukoa Otzaurtetik, eta Altsasura iritsi da. Gaur Nafarroan ibiliko da egun osoz, eta zalantzarik gabe aurtengo Korrikako une garrantzitsuenetako bat iritsi da Euskalerria Irratiak saio berezia egin du. Atzerapenik gabe ibili da, gainera.
Arratsaldean hegoalderantz joango da lekukoa, Estellerrira. Etxaurira 19:18an iritsiko da, Lizarrara 20:40an eta 23:31n Villatuertara. Azken hori izango du gaurko azken herria; gauean Gares aldera hartu, eta bihar goizeko seietan Aoitzera iritsiko da, eta handik, Orreaga 09:19 eta Luzaide 11:08 zeharkatuz, Nafarroa Beherean sartuko da. Bihar Donibane Garazin eta Maulen izango da Korrika.
Hasiera ekitaldi jendetsua
Egin ditu Korrikak lehen kilometroak. Atzo arratsaldean abiatu zen, Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik; Samara Velte BERRIAko kazetariak eta Jon Barandiaran BERRIAko artxibozainak eraman zuten lekukoa lehen metroetan, eta kultur parkeko beste langileek hartu zuten erreleboa; lehen kilometroa 11 lagunen artean eraman zuten.
Hasiera ekitaldi jendetsua izan zen. Kultur parketik Andoinera eraman zuten lekukoa, eta hortik Tolosaldera eta Goierrira egin zituen hurrengo kilometroak. Eguraldiak ez zuen askorik lagundu, baina Ordizian eta Beasainen jende andana zuen zain kale bazterretan lekukoak korrika egiteko prest.