Eguerdiko 12:30etan ehun bat lagun bildu dira 'Egunkaria'-ri babesa agertzeko eta Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria aska ditzatela eskatzeko Bilboko Arriaga antzokiaren atarian, hau da, Aste Nagusiko jai gunean bertan. Haien artean ziren, besteak beste,konpartsa askotako ordezkariak, German Kortabarria ELAko komunikazio arduraduna, Txutxi Ariznabarreta LABekoa, Andolin Eguzkitza idazlea, Jexux Mari Zalakain EHUtik kaleratutako irakaslea eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi ezaguna. Halaber, Bilboko elkarretaratzean izan da Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohia eta `Berria'-ko zuzendaria.
Nolanahi ere, Bilboko ekitaldiko parte hartzailerik bereziena Mari jaia izan da; hots, Bilboko Aste Nagusiaren irudi den panpina. Hamar minutuko atzerapenez heldu da, baina iritsi eta pankartaren ondoan jarri denean, elkarretaratzean bilduta zeuden guztien txalo beroak jaso ditu.
Era berean, oraindik espetxean dauden Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegriaren argazkiak paratu dituzte pankartaren ondoan 'Egunkaria'-ko langileek, eta Bilboko jaietako lepoko zapia ezarri dizkiete.
Donostiako bilkuran beste ehun bat lagunek parte hartu dute. Han ziren, besteak beste, Txema Auzmendi 'Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko idazkaria eta Guardia Zibilaren operazioan atxilotuetako bat, Ramon Agirre aktorea, eta Iñaki Uriaren gurasoak. Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusiak ere 'Egunkaria'-ko langileek antolatutako ekitaldian parte hartu du.
Gaur sei hilabete, egun latza
Otsailaren 20an, gaur sei hilabete, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo itxi zuen Guardia Zibilak 'Egunkaria'. Halaber, euskarazko kazeta horretkin zerikusia zuten hamar lagun atxilotu zituen: Iñaki Uria Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria, Juan Mari Torrealdai Administrazio Kontseiluko lehendakaria, Txema Auzmendi Administrazio Kontseiluko idazkaria, Martxelo Otamendi zuzendaria, Pello Zubiria 'Egunkaria'-ko zuzendari izana, Fermin Lazkano eta Inma Gomila gerente ohiak, Xabier Oleaga zuzendariorde izana, Luis Goia eta Xabier Alegria. Gaur egun haietatik hiru daude espetxean: Uria, Oleaga eta Alegria.
Inkomunikatuta egon ziren egunetan torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten haietako hainbatek.
'Egunkaria'-ren itxierak asaldadura handia sortu zuen Euskal Herriko gizartean. Hain zuzen ere, otsailaren 22an Donostian inoiz izanden manifestazio handiena egin zen itxieraren aurka eta atxilotuen askatzea eskatzeko.
`Egunkaria' auzia
Jende askoren babesa jaso du 'Egunkaria'-k Bilbon eta Donostian, itxierareren seigarren hilabeteurrena betetzean
Hilaren 20ro bezala, 'Egunkaria'-ren itxiera salatzeko eta oraindik espetxeak dauden Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria kideen askatzea eskatzeko elkarrateratzeak egin dira gaur eguerdian Bilbon eta Donostian. Hain zuzen ere, sei hilabete bete dira gaur Guardia Zibilak egunkaria itxi zuenetik , eta data hain biribila izanik, herritar askoren babesa jaso du 'Egunkaria'-k. Bilboko ekitaldian jai giroa izan da nagusi: konpartsa askotako ordezkariek eta Mari Jaiak parte hartu dute, besteak beste, elkarretaratzean. Donostian, berriz, Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusia izan da Bulevarreko ekitaldian 'Egunkaria'-ko langileekin eta beste hainbat herritarrekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu