Iazko udarekin alderatuz gero, aurtengoan askoz ere jende gehiago hil da Euskal Herrian. Hala diote ehorztetxe gehienen eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko erregistro zibilen datuek. Ehorztetxe batzuetako ordezkariek aurtengo udako bero boladari egotzi diote heriotzen hazkundea; beste ehorztetxe batzuek zalantzan jarri dute beroaren eragina heriotzen kopuruan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren esanetan, bero boladak bi heriotza baino ez ditu eragin Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, eta «egoera normala da».
Bizkaian, Bilbaina ehorztetxeko ordezkari baten esanetan, abuztuko lehen hamabostaldian aurreko urteetan baino dezente lan gehiago izan dute: «Batez beste bost zerbitzu egiten ditugu egunean, baina abuztuko lehen hamabost egunetan sei inguru egin ditugu. Zerbitzu gehienak 70 urte baino gehiago zituzten lagunenak izan dira». Bilboko Bizkaia ehorztetxeko Jesus Santofiniak baieztatu egin du abuztuko hildakoen kopuruaren hazkundea. «Lan gutxiko sasoia da normalean, baina aurten gelditu gabe ari gara lanean».
Iñaki Zubiria Durangoko Arrate ehorztetxeko ordezkariak dio batzuek beroa aipatzen dutela beren senideen heriotzaren arrazoi moduan: «Bihotzeko edo arnasa hartzeko arazoak dituztenak dira beroa txartoena jasaten dutenak, eta azken egunetako hildako gehienek horrelako arazoak zituzten».
Gasteizko Lauzirika ehorztetxeko arduradunaren arabera, aurtengo hildakoen kopuruak gora egin du nabarmen. Halere, beroaren ondorioa ez dela izan azpimarratu nahi izan digu, datuekin: «Aurten, uztailaren 15etik abuztuaren 15era bitartean 113 izan dira ehorzketak; 2000. urtean, berriz, 102; eta 2001ean, 109».
«Hamabost egunetan hamabost ehorzketa izan ditugu, eta ez da batere normala kopuru hori abuztuan», esan du Laudioko Alto Nerbion ehorztetxeko ordezkari batek. Gamarrako Vitoria-Gasteiz ehorztetxean, aldiz, ez dute hildakoen kopuruan igoera aipagarririk nabaritu.
Gipuzkoan, Funeuskadi taldeko Donostiarra ehorztetxeak eta Donostialdea beilatokiak, uztaileko ehorzketa kopuruaren aldean, hazkunde nabarmena izan dute abuztuko lehen hamabostaldian: %20 inguru. Hala ere, aintzat hartu behar da Donostiarra ehorztetxea orain gutxi zabaldu dutela eta Donostialdea beilatokian hedapen fasean daudela eta aurten hilabetero hazi dela ehorzketa kopurua.
Polloeko hilerria kontrolatzen duen Donostiako Udal Ehorztetxeak abuztu hasieran, lana ia bikoiztu egin zaiela adierazi du. «Bero handiena egin zuen egunetan (abuztuaren 12 eta 13an), 4tik 10era igo zen eguneko ehorzketa kopurua», dio bertako ordezkari batek. Hildakoen%95 baino gehiago adineko pertsonak direla ere zehaztu du. Edonola ere, esan dute aurtengo datuak iazkoekin alderatuz gero, aurten ehorzketa gutxiago izango lituzketela.
>
Informazio hau honako kazetarien informazioarekin osatu da: Asier Iturriagaetxebarria (Bilbo), Irati Izagirre (Donostia) eta Anakoz Amenabar (Gasteiz).
Jende dezente gehiago hil da aurtengo udan iazkoan baino
Hala erakusten dute hainbat ehorztetxek eta EAEko erregistro zibilek orain arte bildu dituzten datuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu