Ekitaldia

Jende oldea Bilbon konponbidearen alde

Milaka eta milaka lagunek parte hartu dute gaur Bilbon =i Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna=i lelopean egin den manifestazioan. Manifestazio burua 18:50 inguruan iritsi da ibilbide amaierara, Bilboko Udaletxe atarira, eta 19:00etan manifestazio bukaerako jendea Autonomia kalean zen. Areatza eta inguruko kaleak manifestariz bete dira. Finean, konponbidearen aldeko itsaso bihurtu dira Bilbo erdialdeko kaleak.

2006ko apirilaren 1a
19:41
Entzun
Batasuna, EA, Aralar, AB eta Zutik dira manifestaziorako deia egin dute alderdiak; ELA, LAB, EHNE, ELB, ESK, Hiru eta EILAS, berriz, sindikatuak. Horiez gain, beste 45 gizarte eragilek bat egin dute deialdiarekin.

Hain justu, alderdi, sindikatu eta elkarte horietako ordezkariek eraman dute manifestazioa irekitzen zuen pankarta. Honakoek: Antton Gomez EAE-ANVko buruzagiak, Modesto Garcia Hirukoak, Panpi Saint Marie ELBkoak, Unzalu Salterain EHNEkoak, Koldo Tellitu Partaidekoak, Mertxe Colina ABkoak, Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak, Pernando Barrena Batasuneko bozeramaileak, Begoña Errazti EAko presidenteak, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak, Estanis Etxaburu Etxerat-ekoak, Belen Arrondo EILASekoak, Angel Abalde ESK-koak eta Joxe Iriarte Bikila Zutik-ekoak. Kataluniako ERC alderdiak ordezkaritza zabala bidali du, Joan Puigcercos idazkari nagusia buru zela. Alec Reid abade irlandarra ere han izan da.

Pankartak Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna, jartzen zuen. Ikurriñak, Nafarroako banderak, eta kataluniakoak asko ikusi dira. Manifestazioa hasi denetik etengabeak izan dira presoen eskubideen eta independentziaren aldeko oihuak.

Manifestazioa amaitzeko Andoni Egaña bertsolariak (euskaraz), Didier Rouget abokatuak (frantsesez) eta Itziar Fernandez Emakundeko idazkari nagusi ohiak (gazteleraz) irakurri dute eragileek adostutako agiria. Konponbiderako baldintzak sortzen ari direla nabarmendu dute, hori lortzeko euskal herritar guztien eskubide guztiak errespetatzea ezinbestekoa dela, eta bide horretan aurrera egiteko herritarren konpromisoa eskatu dute.

EAJ ez

EAJk ezik, gainerako alderdi abertzaleek bat egin dute deialdiarekin. Parte hartzeari uko egiteko, jeltzaleak ez direla indarkeria gaitzesten ez dutenekin manifestatzen esan zuen Josu Jon Imaz EBBko presidenteak. ETAk su-eten iraunkorra eman ondoren, ordea, aldatu egin zuten argudio hori, eta manifestazio horren helburua EAJren alternatiba izan nahi duen "polo independentista" indartzea dela adierazi zuen Iñigo Urkulluk.

Nolanahi ere EGI jeltzaleen gazte eraundeak ez du bat egin beren alderdiko nagusien jarrerarekin, eta Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.