Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei lelopean egingo da gaur manifestazioa Bilbon, 17:00etan, Casillatik aterata. Euskal Herrian hainbat arlotan erreferente diren pertsonek deitu dute. Debekuengatik kezkatuta dauden pertsona talde baten modura aurkeztu ziren, eta debekuen aurka eta eskubideen aldeko leloa horregatik aukeratu zutela argudiatu zuten. «Egoera irauli beharra dago, areago egungo une garrantzitsu honetan», esan zuen Felix Cañada abokatuak deia egitean. «Euskal gizarteari dei egiten diogu, joera ideologikoetatik edo iritzi politikoetatik harago, herritar guztioi dagozkigun eskubide guztien aldeko manifestazio honetan parte hartzera». Atxikimendu soka luzea ekarri zuen deiak. Atzo arte etengabea izan da.
EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, EB eta AB dira Bilborako deia babestu duten alderdiak, eta denek ordezkaritza izango dute han. ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek ere babesa agertu diote deialdiari. 40 eragilek baino gehiagok egin zuten agerraldia deialdiaren bat eginez. Tartean dira Etxerat, AAM, Lokarri, Behatokia, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, Iratzarri...
EAJk herenegun baieztatu zuen ordezkaritza bat izango dela manifestazioan. Joseba Egibar EAJren GBBko buruak atzo esan zuen deialdia egin zutenetik berehala ikusi zuela bere burua han. Eta Andoni Ortuzar EAJren BBBko buruak ere antzera hitz egin zuen atzo. Han izango da gaur. Uste du Bilboko deialdia herritarren erantzun bat izango dela, «EAJk bere egiten duena,oinarrizko eskubideak modu oso larrian mugatzen dituen sistemaren aurka». Ortuzarrek gogora ekarri zuen oinarrizko eskubideak eta giza eskubideak aldarrikatuko dituztela: «EAJk ez du justifikatu behar manifestazioan egotea; ez daudenek esplikatu beharko lukete zergatik ez dauden».
Ezker Batuak ere atzo igorri zuen oharra, eta ordezkaritza bat Bilbon izango dela iragarri. Eskubide guztien errespetua eta indarkeria mota guztiak desagertzea aldarrikatuko duela esan zuen. Mikel Arana koordinatzaileaz gain, antolakuntza idazkaria, Sergio Fernandez eta Javier Madrazo ere han izango dira. Aralarre aldetik, Aintzane Ezenarro buruduen ordezkaritza bat izango da Bilbon. EAko Pello Urizar han izango dela iragarri dute.
AAMk ere atzo igorri zuen oharra, deialdiarekin bat egin eta Bilbora deitzeko. «Herri hau gai izango da indarrez eta ilusioz egoera berri bat sortzeko. Beste inoren eskubideak urratu ez daitezen. Denek parte hartzeko aukera berdintasuna zabalduz, inolako esku-hartzerik eta bortxakeriazko egoerarik gabe, askatasuna behingoz eta betiko erdietsiz». «Manifestazioak lehenaldiaren eta orainaren arteko mugarria» jar dezakeela uste du.
@Manifestazioa zuzenean segitu ahal izango da Twitter bidez, helbide honetan: www.berria.info
Jende oldea espero da gaur Bilbon, debekuen aurka eta eskubideen alde
Casillatik aterako da manifestazioa, 17:00etan, eta alderdi politiko eta sindikal gehienek egin dute bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu