Goizean ekin diete Euskaraz Bizi Eguneko ekitaldiei, baina gaurko iragarrita zegoen ekitaldi garrantzitsuena abian da. 18:30ak pasatxo hasi da manifestazioa, Euskalduna naiz eta harro nago leloarekin. Jende ugari bildu da martxara, euriak eta haizeak eguzkia ordezkatu badute ere.
Euskararen aldeko oihuak entzuten dira manifestazioa Bulebarretik abiatzen ari dela. Euskal Herrian euskaraz eta Iparraldean euskaraz aldarrikatzen dute. Guk euskaraz kantua ere entzuten da.
Politikari eta euskalgintzako ordezkari ugari batu dira martxara. Tartean dira Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko legebiltzarkidea.
Ekitaldiaren amaieran, EHEko hainbat kidek hartu dute hitza. Ametz de Miguel Donostiako EHEko kideak ohartarazi du Donostia Euskal Herriko “hiribururik euskaldunena” bada ere, “ezin” dutela euskaraz bizi. “Hizkuntza politika eraginkorrak ezinbestekoak dira Euskal Herri euskaldun bat lortzeko, baina horrez gain, helmugara iristeko norberak berea behar du konpromisoa”, gaineratu du.
Horrekin batera, De Miguelek azaldu du euskaraz bizitzea “hautu bat” dela, “eguneroko borroka bat”, eta “mingainak astintzen” jarraitzeko deia egin die Bulebarrera bildu direnei, baita euskal herritar guztiei ere.
Izarne Zelaia Donostiako EHEko kideak eskerrak eman dizkie hara bildu direnei, eta Unai Larreategi EHEko kideak gogorarazi du euskaraz bizitzeko hautuari hauspoa ematen diotenak asko direla, EHEtik harago. Bereziki aipatu du Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea.
Ekitaldiaren amaiera aldean, Igone Lamarain Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak hartu du hitza. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan du gogoan Lamarainek, hark esandako honako esaldiarekin: “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe ziur ezetz”.
Lamarainen arabera, hizkuntza-politikaren bitartez arlo guztietan nagusi izateko neurriak hartu behar dira, eta salatu du Frantziako eta Espainiako Estatuek ez dutela horretarako aukerarik ematen. “Horregatik behar du burujabe izan Euskal Herriak”, gaineratu du.
“Euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu, jarrera sumisoak gainditzeko erabakia hartu, eta guk ere euskarari lehentasuna eman behar diogu, euskaraz biziz. Burujabe, harrotasunez, euskalduna izan. Egitea eta eragitea, hori da euskaldunoi dagokiguna”, gaineratu du.
Goizean kalejira antolatu dute Porrotx pailazoak eta Bonberenea txarangak Parte Zaharrean, eta jende ugari biltzen bildu da, eguraldia lagun. Hizkuntz jokabideen tailerrak ere egin dituzte goizean San Telmon, txupinazoa bota aurretik.
EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatutako festa horretan, herri bazkaria egin dute ondoren, eta iluntzean Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeek kontzertua emango dute Trinitate plazan.
Jaiak 2.700 atxikimendu baino gehiago jaso ditu, eta euskaltzaleak sortzaile bilakatu dira berriro ere.
Hirugarren Euskaraz Bizi Eguna izango da aurtengoa. Historia, ordea, luzeagoa du EHEren festak. Hizkuntza Eskubideen Eguna zen hasieran, eta 2010era arte ez zuen izena aldatu. Etxarri-Aranatzen egin zen lehenbiziko Euskaraz Bizi Eguna, eragile euskaltzalearen 30. urteurrenarekin batera. Etorkizunera begira EHEk egin zituen planteamenduetarako mugarri izan zen ekimen berria.