«Jendeak aldaketa nahi du, eta boto erabilgarria erabili du gurekin»

Emaitza «historikoak» eskuratuta, Basauriko alkatetza lortzeko aukera handiak dituzte, lehenengo aldiz

2007ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Basauriko herritarrek (Bizkaia) «aldaketaren» alde bozkatu dutela uste du PSE-EEko alkategai Loly de Juanek, eta alkatetza lortzen badu, aldaketak «azkar» egiten saiatuko dela esan du. Guztien partehartzea bultzatu behar dela iruditzen zaio, eta herritarren hitza kontuan hartuko duela adierazi du.

EAJri aurrea hartu, eta Basauriko lehen indarra izatera pasatu zarete. Berri ona, ezta?

Poz handia ematen dit, bai maila politikoan eta baita maila pertsonalean ere. Inoiz ez dugu honelakobabesik izan, eta emaitza historikoak lortu ditugu.

Zein izan daiteke herritarrek zuen aldeko hautua egin izanaren arrazoia?

Herritarrek zigor botoa erabili dutela uste dugu, eta EAJko alkategaiaren harrokeria eta erabili izan dituen formak zigortu dituztela iruditzen zait. Ordezkaritza jaitsi duten alderdien botoak guregana etorri direla ikus daiteke. Jendeak aldaketa nahi du, eta boto erabilgarria erabili du gurekin.

Zein izango dira zuen lehentasunak?

Lehentasun ugari dauzkagu, baina parte hartzea oso garrantzitsua dela uste dut. Jendea inplikatzen denean errazago gobernatzen da, eta hori garatzen saiatuko gara. Hori oinarritzat hartuta, Arizgoitiko arazo urbanistikoa konpontzen ahaleginduko gara, eta hirigintzaren, aparkalekuen eta azpiegituren inguruan ere lan egingo dugu.

Bederatzi zinegotzi lortu dituzue, eta ez duzue gehiengo osorik. Gainontzeko alderdiak elkartu eta alkatetza ken diezazueketela iruditzen zaizu?

Hori aukera bat da, baina aukera zaila dela uste dut. Azken urteetan arazo politikoak izan dituzte alderdien artean, baina arazo pertsonalak ere izan dituzte... Horrek eragina izaten du eta... ez dut uste elkartuko direnik.

Hortaz, koalizioak egiten saiatuko zarete edo gehiengo sinplearekin gobernatuko duzue?

Basaurin lan egiteko gehiengo argi bat behar dut nik. EAJ oposiziora doan lehenengo aldia da, eta PSE-EEk inoiz ez du alkaterik izan. Hortaz, ez dut uste EAJk lana erraz jarriko duenik. Horregatik, gehiengoa lortzen saiatuko gara, eta EB-Aralarrekin itunak lortzea da nire lehentasuna. Hala ere, PPrekin eta EAJrekin ere hitz egingo dut.

EAE-ANVk ere babesa izan du Basaurin. Herritarrek aukeratutakoa errespetatuko duzu?

EAE-ANV legezkoa izan balitz, bi zinegotzi izango lituzke. Dagoeneko jarri dira nirekin harremanetan, eta eurekin egoteko asmoa dut. Parte-hartzearen alde egiten dudala esaten badut, hortik hasi behar dudala iruditzen zait. Parte-hartzean sinesten dut, eta ezin dut nire herriko zati garrantzitsu bat baztertu.

Nola ikusten duzu Basauriren etorkizuna?

Ardurarekin. Kanpainan erraza da hitza ematea, baina orain hitza betetzeko garaia da. Gainera, Basauriko herritarrek aldaketa azkarren alde egin dutela iruditzen zait, eta hartu ditudan konpromisoen %100 betetzen saiatuko naiz. Hala ere, konpromiso guztiak betetzeko gai ez banaiz, zergatik bete ezin ditudan azaltzeko asmoa ere badut.

Sozialistek Gipuzkoan, Nafarroan eta Araban gobernatzeko aukerak dituzue. Zer balorazio egiten duzu horren inguruan?

Oraindik ez gara bildu, eta ez dakit zuzendaritzak nola baloratu dituen gai horiek. Hala ere, PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezi akordio pluralen aldeko jarrera izango dutela entzun diot, eta bat egiten dut harekin. Herritarrek leku askotan eskatu dute aldaketa, eta aldaketa horren alde egin behar dela iruditzen zait. Garapenaren aldeko akordioak lortzea espero dut, bai Basaurin, bai Nafarroan eta baita Gipuzkoan eta Araban ere. Pluraltasun hori da bozetan ikusi dena.



NorTasun aGIrIa

Jaioteguna: Basauri, 1964ko apirilaren 24an.

Ikasketak: Zuzenbide lizentziaduna.

Familia: Ezkondua dago.

Ibilbide politikoa: Gaztetan hasi zen politikan; zinegotzi gisa eta PSE-EEren batzorde eragilean aritu izan da.

Zaletasunak: Irakurketa eta musika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.