Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

"Jendearen beharrak" aintzat hartu nahi ditu Elkarrekin Podemosek

Hauteskunde kanpainan lelo bikoitza erabiliko du koalizioak: "Por Euskadi" (Euskadiren alde) gaztelaniaz, eta "Jendearekin" euskaraz.

Elkarrekin Podemoseko kideak, kanpainarako leloa eta irudia iragartzeko agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE
gotzon hermosilla
2016ko irailaren 1a
13:26
Entzun

Elkarrekin Podemos koalizioaren kanpaina arduradun Eduardo Maurak azaldu duenez, haien asmoa da "jendearen beharrak, nahiak eta oinazeak" kontuan hartzea euren proposamen politikoan. Kritikatu dute EAJk "inertziaz eta konformismoz" jokatzen duela, eta euskal herritarrak "ohituegi" daudela euren bizi kalitatearen adierazleak egoera okerragoan daiden lurraldeetakoekin alderatzeko: "Ez dugu ukatzen beste leku batzuetan okerrago daudela, baina haiekin alderatu beharrean iparraldera begiratzen badugu, ikusiko dugu hemendik oso kilometro gutxira herritarrek abantaila eta zerbitzu askoz hobeak dituztela", esan du.

"Jendearen beharrak" eta arlo soziala euren kanpainaren oinarria izango diren arren, "mezu askotarikoak" hedatuko dituztela eta Euskal Herriko bestelako arazoei muzin egingo ez dietela iragarri du Maurak. Esan duenez, erabakitzeko eskubidea izango da euren kanpainaren beste ardatzetako bat, eta bake eta elkarbizitzari dagokionez, iragarri du euren proposamenak laster aurkeztuko dituztela eta "arlo honetan azken hamarkadetan egindako proposamenik aurreratuenak" izango direla.

Kanpainaren inguruko zertzelada batzuk ere aurreratu ditu Maurak. Koalizioak 295.000 euro gastatuko ditu, kanpainaren bukaera ekitaldia Pili Zabala lehendakarigaiaren bizitokian -Zarautzen (Gipuzkoa)- egingo dute, eta kanpoko ordezkarien laguntza izango dute kanpainan. Zehazki, aurreratu du Pablo Iglesias eta Iñlgo Errejon Podemoseko buruzagiek eta Xavi Domenech Kataluniako En Comu Podem koalizioko ordezkariak parte hartuko dutela zenbait ekitalditan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.