Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Lander Martinez. Sumarren Bizkaiko diputatugaia

«Jendeari ez diogu eskatuko botoa eman dezala beldurragatik»

Sumarren Bizkaiko zerrendaburuak balioetsi egin nahi du koalizio gobernuaren lana, baina uste du gauza asko daudela egiteko; adibidez, klima larrialdiari kontra egiteko eta familien erosahalmena handitzeko.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Pare bat urte eman du politikaren lehenengo lerrotik urrun Lander Martinezek (Gasteiz, 1989), baina orain buru-belarri ari da Sumar egitasmoan engaiaturik. Espainiako Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua izateaz gain, kanpainaren antolakuntza arduraduna da, baina, dioenez, ardura horrek ez dio denbora askorik kenduko, lanik handiena kanpaina aurretik egina utzi baitu.

Azkenean, lortu duzue Sumar zerrendaren inguruan PSOEren ezkerretara dagoen esparru progresista hori batzea, baina ez gutxi kostata.

Edozein negoziazio konplikatua da. Hamabost indar politikok osatzen dute koalizioa; batzuk estatukoak, beste batzuk zein bere lurraldekoak, interes desberdinekin, eta horrek eskatu du oreka handiak eraikitzea eta zenbaitetan alde askok amore ematea, guztiz eskertzekoa dena. Koalizio historiko bat lortu dugu, ezkerrean azken 40 urteetan inoiz egin ez dena, eta horrek indar handia ematen digu hauteskundeei begira.

Betorik egon al da?

Egon dira negoziazioak, eta akordioa erdiesteko amore emateak eta esfortzuak alde askotatik. Koalizioa da horren emaitza.

Polemikek, desadostasunek eta abarrek utzitako zapore mingotsa desagerrarazteko, nahikoa izango da kanpainako bi asteko epea?

Negoziazioak amaitu eta hurrengo bi asteetan inkestek Sumarren gorakada bat igarri zuten. Ikusten da badagoela mugimendua Sumarren inguruan. Horri kanpaina gehitzen badiogu, nik uste dut denbora emango digula jende asko konbentzitzeko. Udal hauteskundeetan, hautesleen %30ek kanpainan erabaki zuten botoa. Datu hori normala da, eta gero eta ohikoagoa izango da etorkizunean.

Pedro Sanchezek zergatik aurreratu ditu hauteskundeak?

Izan daiteke hauteskunde estrategia bat, eta gainera ikusten ari gara estrategia ona zela: alde batetik, pentsatzekoa zen arazoak egongo zirela PPren eta Voxen artean gobernuak osatzeko, eta arazo horiek agertzen ari dira; eta, beste alde batetik, ezkerreko hautesleak mobilizatzeko modu bat izan zitekeen, udal hauteskundeetako emaitzak ikusita. Horrekin ados egon naiteke ala ez, baina mobilizatzeko gaitasun hori ikusten ari gara.

PSE-EE eta EH Bildu ari dira PP eta Vox geldiarazteko beharraz hitz egiten. Sumarren kanpainaren ardatzetako bat ere hori da?

Arriskua dagoela argi dago, eta eskuin muturra dagoen erakundeetan ikusten ari gara zer egiten duten. Baina jakinda arrisku hori badagoela, eta horri aurre egitea garrantzitsua dela, guk argi daukagu jendeari ez diogula eskatuko beldurragatik eman dezala botoa. Guk itxaropenagatik eta etorkizunagatik eskatzen dugu botoa, hurrengo lau edo zortzi urteetan zer etorkizun nahi dugun erabakitzen ari garelako. Gure eskaintza zabalagoa izan behar da, eta beldurretik guztiz harago.

Zertan desberdintzen da Sumarren proposamena Podemos, Unidas Podemos eta oro har, 2015etik esparru politiko hori artikulatu duten antolakundeetatik?

2015etik 2023ra gauza asko gertatu dira, eta ez da egoera berdina. Lortu dugun akordioari esker, eskaintza zabalagoa daukagu mahai gainean, urtebete daramagu entzute prozesu bat egiten, independente asko erakarri dugu, eta, gainera, gobernuan egotearen lau urteko esperientzia dugu, eta horrelakorik ez zegoen duela zortzi urte. Gobernu aurrerakoiaren politikarik garrantzitsuenak Yolanda Diaz [Espainiako Lan] ministroak eraman ditu aurrera, hau da, ideia horiek funtzionatu egin dute, milaka pertsonaren bizitzak hobetu dituzte, eta baditugu beste ideia ugari datozen urteetarako.

Nazio auziaz, adibidez, Sumarrek jasotzen al du nazioen eskubidea estatuarekin izan nahi duten harremana erabakitzeko?

Guk lurraldetasunaren inguruko agiri bat onartu dugu, eta han nazio aniztasuna oinarritzat hartzen dugu estatuaren ikuspegia definitzeko. Koalizioaren osaketak ere argi uzten du hori, koalizioan badaudelako alderdi subiranistak. Guk jarraituko dugu defendatzen itunpeko ahalmenak errepresentazio eta erabakimena aurrera eramateko.

Kataluniaren kasuan badago eztabaida mahai bat, eta hortik ateratzen diren gauzak seguru asko bozkatu beharko dira; eta euskal kasuan, gaur egun gizartean eztabaidarik garrantzitsuena ez den arren, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordean lan batzuk eginda daude, gaur egun geldituta daudenak, eta garrantzitsua litzakete horri berrekitea estatusa gaurkotzeko bidean jarraitzeko.

Zeintzuk dira lau urte hauetan egin gabe gelditu diren politikak, datorren agintaldian egin nahi dituzuenak?

Etorkizunerako erronka handi batzuk ditugu, eta horietako bat klima larrialdia da. Orain, Diazekin, aukera dugu lehen presidente berdea edukitzeko Espainiako Estatuan. Klimaren inguruko politikei anbizioz ekin behar diegu, energietan ez ezik, garraioan, eraikinetan eta beste zenbait arlotan ere. Inflazioa amaitzea eta familien erosahalmena handitzea ere ardatz garrantzitsuak dira. Soldaten igoera zuzenak lehentasuna izan behar du hurrengo gobernuarentzat.

Koalizio gobernua berriro osatzeko, oso litekeena da Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako ezkerreko indar subiranisten babesa beharrezkoa izatea.

Azken lau urteotan lan handia egin da ezkerreko indar politiko askorekin. Akordio batzuetan batzuk egon dira, eta beste batzuetan, beste batzuk. Argi dago indar horietako askok ez dutela PPk eta Voxek osatutako gobernu bat nahi. Pentsatzekoa da gobernu progresista eratzeko aukera badago denek argitu beharko dituztela jarrerak. Sumarren, behintzat, argi dugu gobernu progresista nahi dugula, eta horretarako norekin hitz egin behar dugun.

Eta PSOEk ere argi du hori?

PSOEri galdetu beharko zaio, baina Pedro Sanchezek presidente izan nahi du, eta badaki horretarako aukera bakarra duela.

Gobernura iritsiz gero, mozal legea bertan behera utziko duzue?

Mozal legeak aldaketak behar ditu, eta aldaketak proposatu egin dira, baina ez dira aurrera atera, alderdi batzuek uste zutelako ez zirela nahikoak. Errespetagarria da iritzi hori, noski, baina uste dut hutsegite bat izan dela: orain, mozal legea bere horretan indarrean dago. Legea aldatu behar da, han dauden gauza asko kendu, eta beste batzuk hobetu; eta indar korrelazioak ahalbidetzen badu aldaketa horiek gehiago eta sakonagoak izatea, Sumarren joera hori izango da, baina ezin dugu berriro aukera bat galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.