Milaka eta milaka lagun batu ziren atzo Atarrabian, Arga eta Ultzama ibaien artean, Paz de Ziganda ikastolari, eta, oro har, Nafarroako ikastolei eta euskarari babesa adierazi eta laguntza emateko asmoz. Eguraldia ere uste baino hobea izan zen, eta iluntzean pozik agertu ziren antolatzaileak egunakemandakoarekin. Batetik, jendearen emana handia izan zela azpimarratu zuten, eta, bestetik, dena oso ondo joan zela, giro onean, arazo eta traba larririk gabe. Agertu zutenez, bildutako diruak euren baliabideak hobetzeko ez ezik, oso kinka larrian den Lodosako ikastolari arnas pixka bat emateko balioko du .
Mari Carmen Elizagoien eta Lina Gorostiaga duela 40 urte Paz de Ziganda ikastolako lehen irakasle taldeko kide izan zirenek ebaki zuten ibilbide hasierako zinta, hain zuzen ere, garai hartan ikastolekin engaiatu ziren guztiak omentzeko asmoz. Horrez gain, beste bi erakunde ere omendu zituen atzo Nafarroa Oinezek: euskarazko tokiko hedabideen Topagunea elkartea eta munduan zehar euskara landu eta irakasten dituzten unibertsitateak.
Milaka eta mila herritar ez ezik, instituzioetako eta alderdi politikoetako ordezkaritza zabalak parte hartu zuen atzo Nafarroa Oinezen, hala nola, Peio Gurbindo Atarrabiako alkateak, Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariak, Elma Saiz Nafarroako Parlamentuko presidenteaj, Lurdes Auzmendi Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak, eta NaBai, PSN, ezker abertzale eta CDNko ordezkariek. Rob Gibson Eskoziako legebiltzarkideak ere izan zen inaugurazio ekitaldian.
Euskara
Jendetsu eta giro onean joan da Nafarroa Oinez
Antolatzaileak, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolakoak, pozik daude jasotako erantzunarekin, eta bildutako diruarekin Lodosako ikastolako arnas pixka bat hartu ahal izango duela nabarmendu dute. Datorren urtean Tafallan egingo da Nafarroako ikastolen aldeko festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu