Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte gaur Azpeitian (Gipuzkoa) Inazio Uria Mendizabal enpresariaren hilketa salatzeko. 10:30etik Loiola auzoan, atzo ETAk hildako Inazio Uria Mendizabalen eta haren senideen Altuna y Uria SA enpresaren atarian. ELAk antolatu du bilkura, Abertzaleak eta langileak garelako ez gaude ados lelo hartuta. Altuna y Uriako langile batzordearen babesa jaso du ekimenak (batzordeko 10 kide ELAkoak dira eta beste biak LABekoak).
Altuna y Uriako langileen artean Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusi hautatu berriak hartu du parte elkarretaratzean, eta ETA soberan dagoela azpimarratu du kazetariei egindako adierazpenetan. "ETA soberan dago, aspalditik. Bide zibil, politiko eta sindikalak behar ditugu, ez dugu behar ETArik. Eskertuko genioke jardun armatua utziko balu", adierazi du.
Elkarretaratzea ELAk antolatu eta langile batzordeak babestu arren, hainbat agintari eta alderditako buruzagi ere hurreratu dira: Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Rafaela Romero Batzar Nagusietako lehendakaria, Eneko Goia, Maria Jesus Aranburu eta Edurne Egaña foru diputatuak, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia eta Rodolfo Ares alderdi bereko zuzendaritzako kidea.
Plazako elkarretaratzean (12:00) alderdien artean Azpeitiko Udaleko talde denak izan dira (EAJ, EA eta Aralar), ezker abertzaleko taldea izan ezik. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere han izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere bai, beste askoren artean. Inazio Uriaren sendikoek ere parte hartu dute.
Plaza bete egin da. Pankartarik gabe bildu dira.
Gorpua Azpeitian da
Inazio Uria Mendizabal enpresaburuaren gorpua Azpeitia jaioterriko beilatokian da dagoeneko. Goizeko bederatzietan ireki dute hil kapera, baina soilik familiako kide, agintari eta hurbilekoentzat. Arratsaldeko zazpietan zabalduko dute Uriari azken agurra eman nahi dioten guztientzat. Hiletak, berriz, bihar egingo dira Azpeitiko Soreasuko Sebastianen parrokian, 19:30ean, eta ondoren, gaitzespen manifestazioa egingo da Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, Eudelek, Confebaskek eta Adegik antolatuta.
Atentatua Loiola auzoan
Inazio Uria Mendizabal 70 urteko azpeitiarra -datorren urtarrilean beteko zituen 71-eta Altuna y Uria eraikuntza enpresako administrazio kontseiluko lehendakaria hil zuen atzo ETAk, tiroz. Hiru tiro bota zizkioten atzo eguerdian, eta bik jo zuten: batek buruan eta beste batek bularrean, eta lurrean utzi zuten, larri zaurituta. 13:03 ziren. Konortea berehala galdu zuen Uriak, eta larrialdietako osasun zerbitzuak hura suspertzen saiatu ziren 40 minutu inguruan, baina 13:52an baieztatu zuen DYAk enpresaburuaren heriotza. Buruan eman zioten tiroak hil zuen, Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera.
Azpeitiko Loiola auzoan gertatu zen, Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen errepide nagusiaren alboan; Altuna y Uria enpresak bulegoak dituen eraikinaren eta Kiruri jatetxearen erdian dagoen errepide txiki baten bazterrean. Lekukoen arabera, Kiruri jatetxera zihoan Uria, egunero bezala, kartetako partida jokatzera. Bide hartako espaloian geratu zen gorpua, harik eta 15:45ak aldean epaitegiko idazkariaren aginduz altxatu zuten arte. Handik Donostiara eraman zuten, Institutu Anatomiko Forentsera, autopsia egiteko.
Herrizaingo Sailaren arabera, etakide batek tiro egin zion, aurrez aurrez, beste batek autoan itxoiten zion bitartean. Atentatua izan den lekutik gertu dago uriatarrak bizi diren etxea ere. Emaztea eta bost seme-alaba zituen, hiru seme eta bi alaba. Hiru anaia ziren, hiruak 1969an sortu zen Altuna y Uria familia enpresako buruak.
Bi etakidek egin zuten atentatua, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eman duen bertsioaren arabera, 30 urte inguruko bi gizonezkok. Itziarko (Deba, Gipuzkoa) gainera joan ziren ibilgailu batean. Auto hura Itziarren aparkatu -Azpeititik 25 kilometrotara-, eta pertsona bati gidatzen ari zen Alfa Romeo ibilgailua kendu zioten, atentatua egiteko. Pertsona hura Itziarren utzi zuten, besoak lotuta eta begiak estalita. Azpeitira jaitsi, Ignacio Uria hil eta Itziarrera jo zuten berriro. Atentatua egiteko erabilitako autoari su eman, eta beraiek ekarritako autoan ihes egin zuten.
Gaur, irekiko dute Uriaren hil kapera, Azpeitiko beilategian. Bihar egingo diote hileta elizkizuna, 19:30ean, Soreasuko Sebastian parrokian. Juan Maria Uriarte gotzainak emango du meza, eta hiletaren ostean hilketa salatzeko manifestazioa egingo dute Azpeitian bertan, Canfebaskek, Adegik, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek deituta.
41. enpresaburua
Uriak ez zuen bizkartzainik, eta ETAk hiltzen duen 41. enpresaburua da. Jose Mari Korta hil zuten azkena, duela zortzi urte, Zumaian (Gipuzkoa). Iraultza zerga deiturikoa ez ordaintzeagatik hil izan ditu enpresaburuak ETAk, eta Ertzaintzaren arabera, Uriak horregatik mehatxuak jaso izan baditu ere, ez da hori kasu honetan Herrizaingo Sailak darabilen hipotesi bakarra.
AHTren lanetan ari da Altuna y Uria enpresa, eta erakunde armatuak AHTren lanetan ari diren enpresen kontra egin izan du. Hondeamakina batzuen kontra egin zuen Hernanin eta Amenabar enpresaren kontra Zarautzen. Acciona-Fonorteren kontra ere egin zuten eraso Orion, baina azken hori ez zuen bere gain hartu ETAk, agirian.
«Porlan tona horietako bakoitzak gure herri proiektua lurperatzen du», zioen ETAk abuztuan kaleratutako agirian. «AHTrekin egiten ari diren txikizioa, PNV eta enparauen politikaren adibide ezin argiagoa da. Batzuen irabaziak kosta ahala kosta bermatu behar dira», gaineratu zuen. 2007ko martxoan Altuna y Uria enpresako ibilgailu batzuen gurpilak zulatuta agertu ziren, pintaketak eginda eta ihes hodiak estalita.
Politikariak hilketaren tokian
Atentatuaren berri zabaltzen hasi bezain pronto, Loiolara iristen hasi ziren politikariak eta herritarrak. Aurrenetakoak Iñaki Errazkin Azpeitiko alkatea (ezker abertzalea), Xanet Esnaola alkateordea (ezker abertzalea) eta Manuel Unanue (EA), atzora arte Azpeitiko Gobernuko kidea, izan ziren.
Juan Jose Ibarretxe Eusko Legebiltzarreko lehendakaria ere han izan zen. Markel Olano Gipuzkoak ahaldun nagusia eta Jose Miguel Aiertza Adegiko idazkari nagusia ere berehala gerturatu ziren, eta baita Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea (EAJ), Jokin Bildarratz Eudeleko burua eta Julian Eizmendi Udalbideko lehendakaria zein Azpeitiko zinegotzi eta alkate ohia (EAJ) ere. Atzo goizean, bederatzietan, Donostiako eraikuntza lan batean Uriarekin batera egon zen Julian Kortajarena Azpeitiko zinegotzia (EAJ) ere gerturatu zen. Maria Jose Usandizaga eta Regina Otaola PPko ordezkariak ere joan ziren Azpeitira, eta baita PSE-EEko Miguel Buen, Manuel Huertas eta Iñaki Arriola ere, besteak beste.
Diskrezio handiagoz iritsi ziren Uriaren familiakoak, lagunak eta lankideak. Altuna y Uriaren enpresa dagoen eraikinaren atzeko aldera eramaten zituzten. Hitz egiteko gogorik ez zuten. ETAk martxoan tiroz hil zuen Isaias Carrascoren alarguna eta alaba ere gerturatu ziren atentatuaren tokira, Uriaren senitartekoei doluminak ematera.
Loiola inguruan zirkulazio kaos handia sortu zen atentatuaren ostean. Kiruri aurretik pasatzen den errepide nagusia itxi egin zuen Ertzaintzak, eta Loiola barrutik desbideratu zuten zirkulazioa. Segurtasun eremua ere handitzen joan ziren jendea gerturatzen joan ahala.
Aurten hildako laugarrena
ETAk aurten beste hiru pertsona hil ditu: Isaias Carrasco PSE-EE zinegotzi ohia Arrasaten (Gipuzkoa) martxoaren 7an, Juan Manuel Piñuel guardia zibila Legution (Araba) maiatzaren 14an eta Luis Conde de la Cruz militarra Espainian (Santoña, Kantabria) irailaren 22an. Azken biak bonba-autoen eztanden ondorioz hil zituen, eta Isaias Carrasco, Uria bezala, tiroz. Horiek dira, azken elkarrizketa prozesuaren ostean erakunde armatuak egin dituen hilketak.
ETA-ren atentatua Azpeitian
Jendetza bildu da Azpeitian Inazio Uriaren hilketa gaitzesteko
ELAk deituta Loiolan bilkura egin dute. =iAbertzaleak eta langileak garelako ez gaude ados=i jartzen zuen pankartaren atzean jende multzo handia bildu da. Eguerdian plaza bete egin dute herritarrek eta eragileek. Atzo ETAk tiroz hildako Uriaren kapera bederatzietan ireki dute Azpeitiko beilatokian, baina 19:00 arte senideentzako soilik egingo da zabalik. Aralarrek ere utzi egin du udal gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu