Milaka eta milaka lagun bildu dira gaur arratsaldean Bilbon debekuen kontra eta eskubide denen alde. 17:15 aldera abiatu da manifestazioa, Casilla plazatik, Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei lelopean deitutakoa, eta burua ordubetera heldu da bukaerara, udaletxe atarira. Dena dela, artean jende asko Autonomia kalean zen. Esate batera, aurretik, burua Zabalburura iritsi denean, bukaeran zeuden lagunak ez ziren abiatu oraindik. Autonomia kalean jendetza izan da, errepidean eta espaloietan, manifestazioburua noiz helduko.
Hitzaldien txandan, sarrera gisa, Felix Cañada abokatu eta ekimenaren antolatzaileetakoak esan du "eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko eta inposaketarik gabeko eta inolako indarkeriarik gabeko bizikidetza erdiesteko une garrantzitsua eta delikatua" dela hau. "Une garrantzitsua da, askatasun etetei tinko eutsi eta haiek aurka egiteko", eta gaurko "erantzun masiboagatik" eskerrak eman ditu.
Halaber, gogoratu du irailaren 11rako eskubide denen aldeko bi manifestazio deituta zeudela eta Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zituela. Deialdi haietako bat Adierazi EH herri ekimenak egindakoa zen, eta gaurkoaren deitzaileek Adierazi EHri hitza hartzeko gonbitea egin diote martxaren bukaeran. Eider Rodriguez idazleak eta Ramon Agirre aktoreak hartu dute hitza Adierazi EHren izenean.
Lehenik eta behin, Rodriguezek eta Agirrek aste honetako atxiloketak eta inkomunikazio egoera salatu dituzte. Halakoak "geldiarazteko", ezinbestekotzat jo dute "herritarren konpromisoa", eta dei egin dute Adierazi EHri atxikimendua agertzeko eta honen helburuen alde lan egiteko.
Urte hasieran sortu zuten Adierazi EH herri ekimena, eta harrezkero "aurrepausoak" eman direla nabarmendu dute gaurko bi eledunek. "Espainiako Estatuko botereek, ordea, urratsak blokatu nahi dituzte". Estatuko botereei euskal herritarren "oinarrizko eskubideak" errespetatzeko eskatu diete.
"Euskal Herri berri hori, eskubideen lurraldea, askatasunaren etxea". Mezu horrekin amaitu du hitzaldia Adierazi EHk.
Udaletxe atarian, hitzaldiaren aurretik, Maialen Lujanbio, Iratxe Ibarra, Uxue Alberdi eta Miren Amurizak bertso bana bota dute. Bidea egiteko esan du Lujanbiok, pausoak emateko Ibarrak.
=bLehen pankartaren leloa, 'Giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak'=b
Manifestazioko lehen pankartak Giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak leloa izan du, eta martxan aldarrikapen oihu batzuk izan dira: Presoak etxera, atxilotuak askatu eta independentzia, batik bat.
Ekimenean izan dira EAJ (Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar, kasu), ezker abertzalea (Rufi Etxeberria, Txelui Moreno, Miren Legorburu), Aralar (Aintzane Ezenarro, Dani Maeztu), EA (Pello Urizar, Ikerne Badiola, Maiorga Ramirez), Alternatiba (Oskar Matute), EB (Mikel Arana) eta AB (Mertxe Colina) alderdietako ordezkariak, ELA (Adolfo Muñoz), LAB (Ainhoa Etxaide), EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuetakoak, 50 bat gizarte eragileetakoak ere bai... Eta milaka herritar.
Bi debekuren ostean, beste dei bat
Auzitegi Nazionalak irailaren 11ko bi manifestazio deialdiak "ETAren helburuak justifikatzen" zituztelakoan debekatu zituen. Debeku haien ondotik, lehengo astean deitu zuten gaurko martxa Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek: Paul Riosek berak ez ezik, Txaro Arteaga Emakundeko presidente ohia, Gabriel Mariscal Bizkaiko abokatuen dekano ohia, Ramon Zallo EHUko irakaslea, Pedro Ibarra EHUko irakasle izandakoa, Maixux Rekalde Elkarriko zuzendaritzakide ohi eta Lokarriko kidea, Felix Cañada abokatua, Jose Luis Longarte Gogoa elkarteko kidea, Natxo Isuzkiza apaiza, Carmen Moreno gizarte ekintzailea eta Alfonso Dubois irakasleak.
politika
Jendetza bildu da Bilbon debekuen kontra eta eskubide denen alde
"Eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko eta inposaketarik gabeko eta inolako indarkeriarik gabeko bizikidetza erdiesteko une garrantzitsua" dela azpimarratu dute manifestazioaren deitzaileek. Ondoren hitza eman diote Adierazi EHri, eta honek "Euskal Herri berri hori, eskubideen lurraldea, askatasunaren etxea" mezuarekin amaitu du hitzaldia. Martxan izan dira EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, EB eta AB, ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuak, 50 bat gizarte eragile...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu