Eskubide Zibil eta politikoen aldeko Manifestazioa

Jendetza bildu da Bilbon eskubide zibil eta politikoen defentsan

Alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile ugariren sostenguarekin abiatu da 'Eskubide zibil eta politikoen aldeko' manifestazioa, Bilbon. 10 minutuko atzerapenarekin abiatu da manifestazioa. Izan ere, Guardia Zibilak kontrol handia jarri du A8ko Zarauzko ordaintokian, eta pankarta eramatekoak ziren batzuk han eduki dituztenez ez dira ordurako iritsi. Azkenean beraiek gabe abiatu da manifestazio isila. Aurrean Zumetaren margoarekin pankarta handi bat eraman dute '18/98+...' taldeko kideek, haien atzean gizarte eragileak, eragile politiko, sindikal eta kulturalak joan dira, eta gero, jendetza. Jendetzaren artean pankarta handi bat ikusten zen 'Epaiketen gainetik gazte ta errebelde' leloarekin, eta hura eramaten, egunotan 'Haika-Segi auzian' Madrilen epaitzen ari diren gazteak, ezagun egin diren niki gorriekin. Manifestazioa amaituta, eskerrak eman dizkiete joandako denei, eta joan zen astean Kursaalean abian jarritako eskubide zibil eta politikoen aldeko mezua zabaltzeko deia egin.

2005eko otsailaren 26a
20:03
Entzun
Azken asteotan 18/98+ plataformak egindako lanak eraman du gaur jendea Bilbora. Lehengo larunbatean Donostiako Kursaalean bildutako 2.000 lagunek egin dute astean zehar manifestaziora joateko bozgorailu lana. Eta emaitzak eman ditu. 18/98+ sumarioan inputatu eta auzipetutakoei elkartasuna adierazteko mezuak astean zehar biderkatu egindira, eta gaurko manifestaziorako atxikimendu zerrenda luzatzen joan da.

Hitzordura garaiz iristen lanak izan dira, ordea. Izan ere, Guardia Zibilak kontrol "zorrotzak" jarri ditu A8aren Zarauzko ordainlekuan eta Gasteiztik Bilborako bidean. 18:00etan, oraindik 15 autobus zeuden A8ko Zarauzko ordainlekuan, kontrolean. Jende ugari eduki dute haietan, eta asko, ez dira Bilbora ordurako iritsi. Haien artean, pankarta ematekoak ziren batzuk.

Haiek gabe abiatu dute manifestazioa, 10 minutu zain egon, eta ez zirela iristen ikusita. Zumetaren margoarekin parkarta eraman dute, besteak beste, Mariano Ferrerrek, Martxelo Otamendik, Lander Etxebarriak, Maite Aristegik, Ibon Meñikak eta Teresa Todak. Pankarta atzean, eragile kultural, politiko, sindikal, eta gizarte eragileak joan dira, eta horien ondotik jendetza.

Han izandira, EAJko Iñaki Zarraoa, Batasuneko Joseba Permach eta Jone Goirizelaia, EAko Gorka Knorr, Aralarreko Aintzane Ezenarro eta Julen Madariaga, LABeko Rafa Diez, ELAko Jose Elorrieta, Txillardegi, Iñigo Iruin, Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi, Igor Jauregi, Mikel Urdangarin, Maddalen Iriarte, Nerea Iriarte, Kirmen Uribe, Karmelo Landa, Oihane Enbeita...

'Gazte ta errebelde'

Espainiako Auzitegi Nazionalean egunotan 'Haika-Segi' auzian epaitzen ari diren gazteek jendetzaren artean arreta berenganatzea lortu dute. Pankarta handi bat eraman dute, airean, mezu argiarekin: 'Epaiketen gainetik, gazte ta errebelde'.

Eskerrak eta konpromiso eskaera

Manifestazioaren bukaeran, 'Haika-Segi auziko' auzipetu Ibon Meñika eta '18/98+...' plataformako kide Maite Aristegi mintzatu dira, txandaka. Ibon Meñikak eskertu egin du Bilbon jasotzako babesa. Esan duenez, bazekiten beraiek eskubideen alde jende asko zegoela, baina gaur poza hartu dutela azpimarratu du, politikoki beraiengandik gertu ez dagoen jendeak ere babesten dituela ikusita.

18/98 sumarioan gizarte osoaren eskubide zibil eta politikoak daudela jokoan azpimarratu dute, eta Euskal Herrian, "onartu gabeko salbuespen egoera" dagoela. Egoera horren aurrean, erantzuna "beharrezkoa" dela iritzi diote. Kursaalean abiatu zen eskubide zibil eta politikoen aldeko mezua zabaltzen jarraitzeko konpromisoa hartzeko eskatu diete bildutakoei. Gainera, 18/98+... taldea mezu zabaltze horretan laguntza guztia emateko prest dagoela jakinarazi dute. Besteak beste, herrietan hitzaldiak emateko borondatea azaldu dute, "Estatuaren injustiziarekin amaitzeko".

Mariano Ferrerrek ere hitz egin du, Zabalburun. Hark azpimarratu duenez, '18/98+...' taldeak mezu baikorrarekin egiten du lan. Ez daude kontra, eskubide zibil eta politikoen alde baizik. Esan du, badakiela Euskal Herrian jende asko dagoela bere eskubideak urratuta daudela esan dezakeena, baina plataforma honen lana '18/98 sumarioa' eta antzeko auzietara bideratuko dutela esan du. Izan ere, prozedura guzti horiek "prozesu orokor baten baitan" daudela iritzi dio, eta "prozesu politikoa" ez bada, "oso antzeko" dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.