Altzugurenen heriotza

Jendetza handia bildu da Altzugurenen hiletetan

Berako San Esteban eliza txiki geratu da Jose Anjel Altzuguren =i Kotto=i-ri azken agurra emateko. Jende saldoa bildu da Soriako (Espainia) espetxean urkatuta agertu zen presoaren hiletan. Atzoz geroztik Udaletxeko batzar aretoan zegoen hil kapera, eta handik txistu doinuek lagunduta, ikurrinekin osatutako pasabide batean barrena, eraman dute zerraldoa elizara, arratsaldeko bostetan. Hiletaren ondoren lurra eman diote Altzugureni.

2005eko azaroaren 2a
18:41
Entzun
Familiak erraustu egin nahi zuen Altzugurenen gorpua, baina haren heriotzaren inguruko guztiak argitu gabe daudela eta, epaileak galarazi egin die. Ondorioz, Berako hilerrian lurperatu dute.

Altzuguren herenegun urkatuta azaldu zen Soriako (Espainia) espetxeko ziegan. Depresioa zuen, eta Askatasunak salatu zuenez, kartzelan ez zioten eman behar zuen mediku zerbitzua. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuen, espetxean "heriotza protokoloa" aplikatu ziotela, eta "Estatu hilketa" izan zela. Espetxe politika aldatzea "premiazkoa" dela azpimarratu zuten.

Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegik, berriz, erantzunaren garrantzia azpimarratu zuen, eta eragileen jarrera zehatz neurtuko dutela adierazi. "Guretzat oso garrantzitsua izango da heriotza honi zenbateko erantzukizunarekin eta zenbateko mobilizazio mailarekin erantzuten zaion", esan zuen Otegik. "Gatazka gaindituko duen prozesua atzera ezina dela adierazteko aukera bere esku dauka, erantzun baten bitartez, herri honek".

Gertatutakoa argitzeko eskatu du Azkaratek

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek doluminak eman dizkio Altzugurenen sendiari, eta gertatutako argitzeko eskatu du. Bestalde, gogor kritikatu ditu egunotan izan diren kale istiluak: "Horrek ez du inola ere justifikatzen Eusko Trenbideaken geltoki bat erretzea eta bestelako istiluak sortzea. Alde horretatik, horrelako gertakarien aurrean beste aldera begiratzen dutenek badute erantzukizuna, hemen guztiok egin behar dugulako apostua benetan borruka kaletik atera, eta dagoen eztabaida eta egon daitekeen gatazka hori mahaia baten ingurura eramateko".

Oinarrizko eztabaida "ezkutatzen" ari dela salatu du Askatasunak

Altzugurenen heriotzaren ondotik eragile eta alderdi ezberdinek egin dituzten adierazpen askotan, "oinarrizko eztabaida zeharkako beste eztabaida batzuen bitartez" ezkutatu egin dela salatu du Askatasunak. Horregatik, eztabaide birbideratu beharra dagoela iritzi diote. Adierazpen horietako gehienak giza eskubideen ildotik egin direla azaldu dute, baina, oinarrizko eztabaida ez dagoela hor azaldu dute "eskubide horien urraketa sortzen duen erabaki politikoetan baizik".

Izan ere, kartzela politika eta dispertsioa "helburu politiko zehatzak dituen erabaki politiko bat du jatorrian" Askatasunaren iritziz, eta EAJ "erabaki haren defendatzaile sutsua" izan zela gogorarazi dute. Erabaki horren atzean "euskal presoen politikoen erabilera politikoa" egiteko nahia dagoela salatu dute: "Erabaki politiko horrek Euskal Preso Politikoen kolektiboaren aurkako neurri politikoak hartzea dakar, kolektiboaren izaera politikoa onartzen da beraz, baina zapalkuntza egoera mantentzera zuzendua. Neurri politiko horiek Euskal Preso Politikoen eskubide politikoak ezabatzea eta oinarrizko eskubideak etengabe eta era sistematikoan urratzea dakar".

Erabaki politiko hori aldatu egin behar dela diote: "Euskal Preso Politikoen izaera politikoa behingoz aitortu eta presoak Euskal Herriratzea ezinbestekoa da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.