Politika

Jendetza handia bildu du Nafarroa Baik Anaitasunako ekitaldian

Martxoaren 14ko Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egin du gaur ekitaldi nagusia Nafarroa Bai koalizioak. Aretoa ez dute guztiz bete, baina, hala ere, jendetza handia biltzea lortu dute. Bazterkeriaren kontrako eta justizia sozialaren aldeko mezua zabaldu du Batzarreko buruzagi Milagros Rubiok; EAJko Jose Antonio Urbiolak esan du espero duela etorkizunean Nafarroa Bai oraindik eta sektore gehiagotara zabalduko dela, eta EAko Begoña Erraztik ERCko idazkari nagusi Josep Lluis Carod Roviraren gutuna irakurri du.

2004ko martxoaren 6a
19:23
Entzun
Berandu hasi da Nafarroa Bairen ekitaldia. Arratsaldeko 18:00etan zuten hitzordua, baina atzerapena dezentekoa izan da.

Batzarreko Milagros Rubio izan da hizketan aurrenekoa, eta bazterketaren kontra eta gizarte justu baten aldeko mezua izan da beremintzaldiaren ardatza. Haren ondotik, EAJko Jose Antonio Urbiolak hartu du hitza, eta Nafarroa Bai ekimenaren garrantzia eta zabaltasuna azpimarratu du. Nolanahi ere, egon beharreko guztiak ez daudela oraindik koalizioan esan du Urbiolak —zuzenean aipatu gabe, baina zeharka Batasunaz ari zela iradokiz—, baina ahalegina egin duten guztiak baietz. Hala ere, etorkizunean falta diren horiek ere egotea espero duela nabarmendu du. Halaber, Euskal Herria askatzeko Nafarroa askatu behar dela aldarrikatu du EAJko buruzagiak, eta Nafarroa Bai koalizioa urrats hori egiteko bidea dela.

EAko idazkari nagusi Begoña Erraztik hartu du hitza Urbiolaren ondoren, eta Josep Lluis Carod-Rovira ERCko idazkari nagusiak propio ekitaldirako bidalitako gutuna irakurri du.

Dena dela, ekitaldiakj luze joko du, besteak beste, Aralarreko ordezkariak, eta Nafarroa Bai koalizioko hautagaiek hitz egin behar baitute oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.