Gizartea

Jendetza ibili da Gernika-Lumoko azokan

Urriko azken astelehenarekin urteko feriarik handiena egin dute, eta 110.000 lagun ibili direla esan du Udalak. Baserritarrek jakinarazi dute salmentak erdira jaitsi direla. Lau mila eurotan erosi dute gazte irabazlea.

2008ko urriaren 27a
17:43
Entzun
Animazio handiz hasi dute goiz-goizetik urriko azken asteleheneko azoka Gernika-Lumon (Bizkai); hau da, urteko feriarik handiena. Eguerdi aldera euria hasi bada ere, Udalak esan du 110.000 lagun ibili direla, aurreikusi bezala.

Eskaintzaren aldetik, berriz, 252 postu jarri dituzte aurten, eta baserriko produktu ugari topatu ahal izan dira. Nolanahi ere, iaz baino 30 gutxiago egon dira, kalitate kontrolak ez baitituzte pasatu.

Dena dela, baserritarrek kezka agertu dute eguerdi aldera, aurten salmentak erdira jaitsi direla jakinarazi dutelako.

Baserriko produktuen arloan, sei ataletan egin dituzte lehiaketak: barazkitan, fruituetan, lore eta landaretan, ezti lehiaketa, gazta lehiaketa eta txakolin lehiaketa. 3.000 euro irabazi ditu atal bakoitzeko txapeldunak.

Ondoren, gazta irabazlearen enkantea egin dute eta lau mila eurotan erosi du Las Tascas Mungiako (Bizkaia) jatetxeak. Gazta irabazlea La Leze Ilarduiakoa (Araba) izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.