euskal herria

Jendetza Iruñean Nafarroako konkistaren harira antolatutako martxa nazionalean

Lau zutabe irten dira hiriko hainbat gunetatik, eta guztiek bat egin dute Antoniuttin. Armadaren etorbidea hartu dute milaka lagunek. Gaztelu plazara joan dira ondoren, ekitaldiarekin amaitzeko. Bost menderen ondoren "Nafarroa bizirik" dagoela aldarrikatu nahi dute sustatzaileek. 

2012ko ekainaren 16a
22:56
Entzun

Milaka lagunek Iruñeko kaleak hartu dituzte gaur arratsaldean, Nafarroako konkistaren mendeurrenaren harira antolatutako martxa nazionalean parte hartuz. 17:00ak aldera lau zutabe irten dira hiriko lau gune ezberdinetatik, eta guztiek bat egin dute Antoniutti parkean.

Han ikurrinak eta Nafarroako banderak astindu dituzte, independentziaren aldeko oihuak entzun dira eta zanpantzarrak ere bertan izan dira. Ibilbidearekin jarraitu dute ondoren eta Armadaren etorbidea goitik behera bete dute milaka lagunek. Geldirik ere izan dira hainbat minutuz, zegoen jendetzarekin aurrera egin ezinda.

Gaztelu plazara heldu dira lehenik horietako hainbat, eta zutabeen luzera kontuan hartuta, denbora dezente behar izan dute guztiak iristeko. Han amaitu egin da martxa nazionala, baina festak aurrera darrai Iruñean. 19:30etik aurrera, kontzertuak izango dira zezen plazan, 15 eurotan (7,5 euro langabeentzat).

Goizean martxak, musika, azoka...

Ekitaldi ugariz osatutako egitaraua prestatu dute gaurko Iruñean, goizean goizetik larunbaterako ordu txikiak arte. 09:30ean Iruñeko alde zaharrean barrena txistulariek diana jo dute, eta 10:00etatik aurrera hiru martxa atera dira: bata Lizarratik, bestea Burlatatik eta hirugarrena Noaindik. Noaingo zutabeak 1521. bataila gogorarazteko oroitarrian ekitaldi bat egin du 11:00etan, eta handik Iruñerantz abiatu dira.

Iruñean, 10:30ean zezen plaza ireki da. Azoka dago, liburuak, tailerrak, haurrentzako txokoak eta eguerdian, ongietorri ekitaldia egin da. Nafarroa Bizirik taldeak salatu du Nabarrerian prestatuta zituzten hainbat jarduera eta zezen plaza aurrean egin beharreko bazkaria debekatu dituela Iruñeko Udalak. Bazkaria zezen plaza barruan egingo dute. Goiz osoan, hainbat peñaren egoitzak irekita egongo dira.

Ez da konkista ospatuko: "1512an konkistatuak izan arren, herri hau bizirik dagoela ospatu eta aldarrikatu nahi dugu", azaldu berri du Sergio Iribarren 1512-2012 Nafarroa Bizirik plataformako eledunak. Nafarroa menderakaitzaren lekukoa hartu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.