Atzo goizeko hamarraz geroztik ETBren kateak ez dira ikusten Nafarroan. Izan ere, ordu horretan teknikariek eten egin zute Erreniega, Ioar eta Ezkabako antenen bidez zabaltzen zen seinalea. Hala erabaki du EITBko zuzendaritzak, ez egiteak ekar zitzakeen ondorioak saihesteko. Hala ere, bai langileek eta baita arduradunek ere gogor kritikatu dute neurria, izan ere, seinale digitala ez ezik, analogikoa ere bertan behera geratu da.
Hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur ETBko langileek Bilboko egoitzaren aurrean. Langile Batzordeak deituta elkartu dira, Euskal Telebista Euskal Herri osoan goiburupean.
Gaur, gainera, legez besteko proposamena onartu dute Eusko Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk, ETBren emisioa "berehala" berrezartzeko Nafarroan. Bi alderdietako ordezkariek "oso larritzat" jo dute Espainiako Gobernuaren erabakia, beraien ustez hedabide hori ikuteko nafarrek duten eskubideak urratzen dituelako erabaki horrek: "UPNk eta PPk euskararekin eta Euskal Herriarekin duten obsesioa baino ez du erakusten". Legez besteko proposamena onartu dute, beraz, instituzio publikoen ardura delako nafarrek ETB ikusteko duten eskubidea bermatzea.
Atzo, berriz, herritarrek altxatu zuten ahotsa. Elkarretaratzera egin zuten dute UPNren egoitzaren aurrean, eta jendetza bildu zen bertan. "UPN kanpora" nahiz "ETB aurrera" oihukatu zuten. UPNk "jazarpen kanpaina" salatu du, eta ohartarazi "ezerk" ez duela "makurraraziko legalitatea betetzea eskatzerakoan".
UPN gobernuan zela jarritako salaketa baten ondotik eta Espainiako Industria Ministerioak aginduta eten du seinalea ETBk. Nafarroako Gobernuak dagoeneko kendu du salaketa, eta baita seinalea berriz jartzeko eskatu ere. Ministerioak zigor neurriak har ditzakeelakoan, baina, ETBren lau kateak bertan behera uztea erabaki du zuzendaritzak.
Bitartean, Internet bidez, Eitb.eus webguneak aukera ematen du ETB Sat katea zuzenean ikusteko, edota Nahieran atalean, programa solteak aukeratzeko; baina nafarrek atzo arte jaso izan duten eskaintzatik urrun dago hori.
"Erabaki tamalgarria"
EITBko zuzendaritzak salatu du emisioaren eteteak urratu egiten dituela nafarren eskubideak, izan ere, "aurrerapen teknologikoei esker mundu guztiko telebisten seinaleak eskueran dauden garai hauetan, gizarte nafarrak ezingo du ETB ikusi". Bide batez, EITBk nabarmendu du seinalea eteteko agindua soilik eurak jaso dutela, beste erkidego batzuetan ere antzeko kasuak badaude ere —Aragon TV katea, esaterako, Nafarroa hegoaldeko hainbat eremutan ikusten da—.
Seinalea etenda, "nafarrek ez dute izango edozein gizarte demokratikoren ezaugarri den aniztasun informatiborako aukerarik", gaitzetsi du zuzendaritzak ohar bidez, eta ohartarazi du aniztasun horrek "gizarte kohesioaren alde" egin duela, "Nafarroako gizartearen hizkuntza, pentsamolde eta kultura dibertsitatea errespetatuz". Horiek hala, zuzendaritza elkarlanean jarraitzeko prest agertu da seinalea berreskuratu ahal izateko, beti ere, indarrean dagoen araudiaren barruan.