Heriotza
Jendetzak azkeneko agurra eman dio gaur Imanol Muruari
10:00etan zabaldu dute hil kapera Zarauzko udaletxean, eta herritar azaldu da. 19:00etan egin dituzte hiletak, Santa Maria parrokian. Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Zarauzko alkate ohia larunbatean hil zen, 72 urte zituela.
Zarautz (Gipuzkoa) jaioterrian eman diote gaur azkeneko agurra Imanol Murua Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi eta hiru alditan Zarauzko alkate izanari, eta jendetza azaldu da horretara. Goizeko hamarretan hil kapera zabaldu dute udaletxean, eta herritar ugari joan da bertara. Arratsaldeko bost eta erdiak inguru arte egon da zabalik. Hiletak, berriz, 19:00etatik aurrera egin dituzte, Santa Maria parrokian, eta ehunka lagun zeuden eliz barruan eta kanpoan. Urola Kostako Hitza-k hil kaperan jasotako bideo irudiak:Murua herenegun hil zen, azkenaldian gaixorik egon ondoren. Zarauztar peto-petoa zen. 1935eko ekainaren 2an jaio zen Zarautzen. Han eman zuen bizitza. Hara ezkondu zen Maritxu Uriarekin eta han hazi zituen lau seme-alaba. Erretiroa hartuta Zarautzen bizi zen, besteak beste bilobez gozatuz. Zarautzen egin zituen aurrenengo ikasketak La Salle ikastetxean, eta Donostiako Lanbide Heziketan amaitu zituen. Zarauzko Antonianotan irakasle hasi zen gero, eta lan horretan aritu zen 27 urtean. Bien bitartean ekimen sozialeko alorretan aritu zen, besteak beste, Antoniano Gazterian, Guraso Elkartean eta Ikastolan. Haietan jarritako helburuak lortzeko gerturatu zen udalera. Beste bi herrikiderekin zinegotzi aurkeztu zen 1974an Tercio Familiar-retik. Ikastola aurrera ateratzea eta hirigintza bideratzea zituzten helburu. Zinegotzi gisa joanda Alkateen Bergarako Taldearen sorreran ere parte hartu zuen urtebete beranduago. 1977an ikurrina altxatu zuen Zarauzko udaletxean eta horrek alkate bihurtu zuen. Alkate zegoen Gervasio Juaristik dimititu egin zuen protesta gisa, eta Murua bera jarri zuten jarduneko alkate 1979an hauteskundeak egin ziren arte. EAJtik aurkeztu zen orduan, eta alkate atera zen, gehiengo absolutuarekin. Diputatu ere atera zen hauteskunde haietan, Urola-Kostako ordezkari. Eskolako lana eta hirurak uztartu zituen 1981 urtera arte. Orduan eskola utzi zuen, eta politikara zuzendu zen, bete-betean. 1983ko bozetan berriz atera zen alkate eta diputatu, eta legegintzaldi horretan Gipuzkoako Kultura diputatu kargua hartu zuen. Gasteizko legebiltzarkide ere izan zen 1987ra arte. 1985ean iritsi zen ahaldun nagusi izatera. Jose Antonio Ardanza Ajuria Enera joan zen EAJren barruan sortutako krisiaren ondorioz, eta Murua aukeratu zuten haren tokia betetzeko. EAJren zatiketan EAren alde egin zuen apustu Muruak, eta horri eutsi zion bere azken egunera arte. 1985etik 1991ra bitartean bete zuen ahaldun nagusi kargua. Leitzarango autobiaren egoera korapilatsua gestionatzea tokatu zitzaion. «Ilusio guztiarekin abiatutako proiektu izarra» gurutzebide bihurtu zela aitortu izan du behin baino gehiagotan. Bizimodu pertsonala, soziala eta instituzionala aldrebestu zizkion aferak, eta engainatuta sentitu zen auziari eman zitzaion irtenbidearekin. 1991n utzi zuen ahaldun nagusi kargua, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAko bozeramaile izatera pasatu zen. 12 urtean luzatu zen aldi hori. Horretaz gain, herrira itzuli zen 1995ean. Berriz ere alkate. Bigarren alkatetza aldia EAren eskutik etorri zen eta legegintzaldi batekoa izan zen. 1999an ez aurkeztea erabaki zuen, osasun arazoengatik. Gustuko zuen herriko alkate kargua. Lan asko egin behar den arren «ohore handia» dela esan zuen 1999an egin zioten agurrean . «Maitatua izatea alkate batentzat gauzarik ederrena da», esan zuen. Nolanahi ere, Diputazioan aritu zen urteetan Udala ez zuela faltan bota aitortu zuen: «Lan ezberdinak dira. Udaletxean harremanak gertuagokoak dira, eta ahaldun nagusiaren erabakiak garrantzitsuagoak dira». Udaletxean egin zituen bi aldiak ere desberdinak izan zirela aitortu zuen. Aurrenengo aldian dena egiteko zegoen eta baliabide gutxi zituzten arren ilusio handia zuten: «Gazteagoak ginen eta ilusio handia genuen». Hutsune handiak topatu zituzten «frankismo garaiko jendea bakarrik» zegoen udaletxe hartan. Lehen aldi hartan alkate lanez gain, udaltzain eta funtzionario lanak ere egin behar izaten zituzten: «Herria txikiagoa zen eta udala familia bat». Diputaziotik bueltatutakoan egin zuen aldian gauzak ezberdinak ziren. Alkate gisa egindako bigarren aldian soldaduskarako herriko gazteen zerrendak ez zituen bidali Espainiako Armadara, eta horrek auzitegietaraino eraman zuen. Bera izan zen intsumisio delituaz akusatuta epaitu zuten azkenengo pertsona. Bi urteko inhabilitazioa eta 2.160 euroko isuna jarri zion Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Haserre eta minduta sentitu zen arren, Muruak ez zuen berezkoa zuen umorea galdu auzitegietara eraman zuten unean ere. Espetxera bisitara joandakoan ogitartekoa ez ahazteko esan zien auzitegitik atera zenean bere deklarazioak hartzeko prest zeuden kazetariei. ETAk Zarauzko Udalean PPko zinegotzi zen Jose Antonio Iruretagoiena hil zuenean pasatu zuen alkatetzako beste une latzetako bat. Euskaltzalea izan da beti. Esate baterako Egunkaria-ko auzipetuak Madrilera auzipetze autoa jasotzera joan zirenean han izan zen, elkartasuna agertzen, beste hainbat lagunekin batera. NATURAZALE ETA KIROLARIA. Gustuko zituen kirola eta natura ere. Golfa, trainerilak eta txibiak harrapatzea, batik bat. Bertsozalea ere bazen, eta gustuko zuen afalondoetan-eta bertsoren bat edo beste botatzea. Gaztetan hasi zen golfean, kadi bezala. Lanak bukatutakoan ibiltzen ziren, gauez, hondarretan eta dunetan. Berak kontatua da mutil koskorretan «kirol denetan» ibiltzen zela. Traineriletan ere aritu zen. 15 urte zituenean Club Deportivon hasi zen arraunean eta laguntzen aritu da gerora ere. Kostakoa izanda, txalupa hartu eta txibiak harrapatzera joatea zuen beste zaletasuneko bat. Ziarreta: «Euskal abertzaletasunaren erreferente bat zen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu