Arkaitz Bellonen gorpua sorterrian dago jada. Atzo 19:00etan atera ziren Bellonen gertukoak Cadiztik, goizean egin zizkioten autopsien ondoren, Euskal Herrirako bidean. 12:10 aldera iritsi da gorpua Elorriora, Iurretatik auto karabanan joanda. Xingola beltza duten ikurrinak eta sakabanaketaren kontrako pankartak eskegi dituzte herri horretan, eta Durangon ere jendea batu da bide bazterrean, gorpua igarotzeko zain.
Elorrion izan dira hainbat ordezkari, Laura Mintegi EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Hasier Arraiz Sortuko presidentea eta Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia, kasu. Herrira iristean, hainbat herritarrek egin diote harrera gorpuari, hilkutxa ikurrinen artetik igarota. Sorozabalen hileta martxaren doinu artean heldu da herrira.
Senideek eta lagunek eraman dute hilkutxa, eta Arriola antzokian jarri dute hil-kapera ondoren. Ekitaldi pribatua izan da, baina dozenaka herritar igarotzen dira bertatik, eta ilara luzeak sortu dira. 15:00era bitartean egon da antzokian Bellonen gorpua. Ordu horretan atera dute bertatik, eta hor ere jendetzak agurtu du ikurrina artean.
Atzo, 09:15ak aldera hasi ziren Bellonen hilotza aztertzen, Cadizen, hango auzi medikuak eta presoaren senideen konfiantzazko medikuak. Goiz osoa eman zuten lanean, eta arratsalde hasieran eman zuten behin-behineko emaitzen berri. Orduan jada iragarri zuten gaur ekarriko zutela gorpua Euskal Herrira.
Arratsaldean 17:30ean manifestaziora deitu zuten atzo hildako gaztearen lagun eta bizilagunek. Atzo ere mobilizazio ugari izan ziren hainbat herri eta hirietan heriotza salatzeko eta espetxe politika aldatzeko. PPk, ordea, esan zuen ez duela espetxe politika aldatuko.
Goizaldeko 06:00etan sartu dira Bellonen gorpua dakartenak Euskal Herrian, eta Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerat-eko kideak jakinarazi duenez, lehen harrera Otxandion egin diete.
Otxandion lehen harrera #AgurEtaOhoreArkaitzpic.twitter.com/PpxysLuOa7
— Nagore L. Luzuriaga (@nago_luzuriaga) February 8, 2014