Jesus Egigurenek 'Faisan auzian' deklaratu zuen

ETArekin egin zituzten negoziazioak «xake partiden antzekoak» zirela esan zion Pablo Ruz epaileari

Erredakzioa
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
2006-2007an Espainiako Gobernuak ETArekin izan zituen negoziazioetan parte hartu zuen Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak, eta, hargatik, Faisan auzia ikertzen ari den Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak deklaratzera deitu zuen. Urtarrila eta martxoa bitartean deklaratu zuen Egigurenek Auzitegi Nazionalean. Harekin batera, negoziazioetan ibili ziren Javier Moscoso Estatuko fiskal nagusi ohia eta Jose Manuel Gomez Benitez Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bokala ere deklaratzera deitu zituen epaileak. Faisan auziaren zati batzuk sekretupetik atera eta gero jakin da Ruzek negoziazioei buruz galdekatu zituela Egiguren, Moscoso eta Gomez Benitez, baita zazpi polizia buru ere.

El País egunkariak jakitera eman duenez, 2006ko ekainaren 22an ETArekin izandako bileraz galdetu zien epaileak Egigureni eta Moscosori, eta haiek adierazi zuten bilera horiek «xake partida baten antzekoak» zirela, «edozein eratako baliabideak» erabilita elkar konbentzitzen saiatzen zirelako batzuk zein besteak. Hala, iturri horren arabera, negoziazio horietan «erdi egiak» eta «gezurrak» ere esan zizkioten elkarri ETAkoek eta gobernuaren izenean negoziatzen aritu zirenek.

Gai horretaz galdetu zioten atzo Serirratian Egigureni, eta hark azaldu zuen Barajaseko atentatuaren ostean ez zutela ETArekin negoziatu baina talde armatuarekin hitz egin zutela. «Eskaintza garrantzitsu bat egin behar zigutela esan zuten, eta entzutera joan ginen». Harreman horiek ez zituela sekula Espainiako Gobernuaren izenean izan argitu zuen Egigurenek.

Atzo, PPk berriro ere galdetu zion auziaren inguruan Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteorde eta Barne ministroari, Kongresuko kontrol saioan. Rubalcabak haserre erantzun zien PPkoei: «Ohiko zitalkeria mordoaz gain, gaurkoan [atzo] ETAren zaborra ekarri duzue». Hedabideetan argitaratutako negoziazioen aktak «gezur eta manipulazio hutsak» dira, Rubalcabak kritikatu duenez. Besteak beste, adierazi zuen ez dela egia ETAko kideen atxiloketak eteteko agindurik eman zuenik.

Horrez gain, albiste agentziek ikerketa iturriak aipatuz zabaldu dute Ruz epaileak negoziazio akten kopiak eskatu dizkiola Espainiako Gobernuari, baina hark erantzun diola aktarik ez dagoela eta, beraz, ezin dizkiola bidali.

Auziaren inguruan mintzatu zen Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea ere. Urkulluren iritziz, gai politikoak alderdien artean eztabaidatu behar dira, ez ETA eta gobernuaren artean. Hala, iragarri zuen Zapateroren gobernuak eta ETAk gai politikoez negoziatu zutela egiaztatzen bada EAJk salatu egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.