atxiloketak

Jesus Mari Besance aske utzi dute, Madrilen

Gaur goizean laga dute aske Defentsa Ministerioaren atarian eta, familia iritsi artean, bere herrikide batekin dago. Asteazkenean atxilotu zuen Guardia Zibilak. Haren anaia Juan Carlos eta Xabier Atristain ere atzeman zituzten operazio berean, ETArekin lotura dutelakoan.

2010eko urriaren 2a
17:26
Entzun
Jesus Mari Besance (Villabona, 36 urte) libre utzi dute gaur 8:30ean, Madrilen, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-ren webak dioenez. Epailearen aurrera eraman gabe, Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioaren atarian utzi du Guardia Zibilak aske, dirurik gabe. Kalean zegoela dirua eskatu eta etxera deitu du, honen sendiak dioenez. Familia Madrilera bidean doa une honetan. Dena dela, Madrilen ikasten dagoen herrikide batekin da Jesus Mari Besance.

Asteazkenean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Villabonan, ETArekin harremana zuelakoan. Xabier Atristain (Donostia, 39 urte) eta Juan Carlos Besance (Villabona, 40 urte) ere atzeman zituen Usurbilen eta Villabonan, hurrenez hurren -azkena Jesus Mari Besanceren anaia da-. Biok Guardia Zibilaren eskuetan segitzen dute, inkomunikatuta.

Ikerketako iturriek diote ETAren Donostia taldea berriro osatu nahian zebiltzala, eta 101 kilo lehergai atzeman zizkietela Villabonan, baita 2001ean lapurtutako auto bat ere -Renault 19 markakoa-. Guardia Zibilak atzo jakinarazi zuen Donostiako lokal batean lehergaiak eta armak aurkitu zituela, Puio auzoko lokal batean. Horretaz gain, hamarkada honen hasierako atentatu batzuetan lagundu izana egotzi diete.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ostegunean adierazi zuen ETAk barne mailan "berregituratu" egin nahi duela "geldialdi honetan", eta uste du horren froga Guardia Zibilak Villabonan eta Usurbilen egindako atxiloketak direla. ETAk irailaren 5ean jakinarazi zuen "eraso ekintza armaturik" ez egiteko erabakia hartu zuela duela hilabete batzuk, eta horri deitzen dio 'geldialdia' Rubalcabak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.