Espainiako Gobernuak gaur egin duen ministro kontseiluan erabaki du bidea ematea Argentinaren estradizio eskaerari. Azalpenetan zehaztu du Jesus Muñecas Aguilarri Andoni Arrizabalaga Itziarren semea torturatzea leporatzen diotela zehazki, Zarauzko (Gipuzkoa) Guardia Zibilaren etxean atxilotuta egon zen bitartean. Amparo Arangoa torturatu zuena ere izan zen, hainbat euskal herritarrekin batera. Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-ri hamahiru lagun torturatzea leporatzen diotela gaineratu du, 1971 ta 1975 urteen artean.
Argentinako Maria Servini epaileak irailean inputatu zituen frankismo garaiko lau polizia, eta frankismoko delituak epaitzeko orain arte bide gehien egin duen auzia da abiatu zuena. Lau horietatik bizi diren bakarrak, ordea, Muñecas eta Billy el Niño dira, eta bi horien kontrako estradizio eskaerari bidea eman dio gobernu kontseiluak gaur. Espainiak estradizio tratatua du sinatuta Argentinarekin, eta horrek ahalbidetzen du polizien estradizioa. Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak irailaren 25ean onartu zuen eskaera. Ez zituen atxilotu, ordea, Argentinak eskatu bezala.
Espainiako Gobernuak eskaerari bidea emanda, Auzitegi Nazionalera pasako da auzia, eta hor aldeko eta kontrako argudioak aztertu beharko dituzte epaileek. Poliziak estraditatzeko arrazoirik ez dagoela erabakiz gero, eskaera itxi egingo litzateke. Badaudela iritziz gero, ordea, berriro Espainiako Gobernuaren eskuetara iritsiko litzateke auzia, eta zer egin erabaki beharko luke berriro Mariano Rajoyren gobernuak.
Aste honetan bertan Argentinara joan dira frankismoko garai desberdinetako hainbat biktimak epailearen aurrera deklaratzera. Tartean dira, besteak beste, 1936ko gerran eta ondoren desagertutakoen senideak eta Martxoak 3 elkarteko kideak. Hainbat elkartek eskatu du 1977ko Amnistia Legea bertan behera uzteko frankismoko krimenak ikertu ahal izateko. Goldatuk ohartarazi zuen irailean gizateriaren aurkako krimenak ez direla preskribatzen. NBEk ere eskatu du Amnistiaren Legea ez erabiltzeko krimenak ez ikertzeko.