Mikel Peruarena
Kataluniarra sortzez, Belgikan lan egiten du Joan Marc Simonek. Errausketaren kontrako GAIA aliantzako kide da, eta Europako Zero Zabor mugimenduaren koordinatzailea. Europako sarea berria da, bigarren topaketak egingo ditu aurten, eta Donostiako topaketak baliatu nahi ditu mugimendua bizkortzeko eta Zero Zabor udalerrien sarea sortzen hasteko.
Nola iritsi zen Zer Zabor mugimendua Europara?
Duela hamar bat urte sortu zen mugimendua; kontzeptua apur bat zaharragoa da. AEBetan, Erresuma Batuan, Australian eta Zeelanda Berrian sortu zen, eta handik hedatu zen. Europan indarra hartu zuen mugimenduak, Capannorik [Italia] aldarrikatu zuenean Zero Zabor helburua 2020rako, eta horrek ekarri zuen (gaur arte) Italiako 76 udalerri gehiagok bat egitea mugimenduarekin. Gero, Europan, izan dira mugimenduak Katalunian, Ingalaterran, Herbehereetan, Suedian, Bulgarian, Errumanian eta Estonian, baina Europako mugimendua berria da. Europako lehenbiziko Zero Zabor topaketak iazko martxoan egin ziren, Bruselan.
Zeintzuk dira mugimenduaren printzipioak eta helburuak, zer lortu nahi du?
Mugimenduaren helburua da ekonomia zirkular bat eraikitzea. Ahalik eta denbora gehienaz erabilgarri izateko diseinatu behar da ekoizten den guztia, eta ahalik eta ingurumen kalte txikiena egiteko. Gauza bati erabilera agortzen zaionean, zabor bihurtu beharrean, input ez toxiko bat atera behar zaio, materialak erabili ahal izateko. Zero Zaborren printzipio nagusietako bat da, zerbait gutxitu, berrerabili, konpondu, birziklatu edo konpostatu ezin bada, berriro diseinatu behar dela produktu hori, edo ordezkatu egin behar dela merkatuan.
Nazioarteko Zero Zabor Aliantzak definizio hau ematen du: "Zero Zaborrekin, zabortegietara edo errauste plantetara bidalitako hondakinak gutxienak dira. Naturan baliabideak berrerabiltzen diren era proposatzen da prozesu gisa. Hau da definizio ofiziala: 'Helburu bat da Zero Zabor, etikoa, ekonomikoa, efizientea eta etorkizuneko ikuspegia duena, beren bizi ereduak eta praktikak aldatzeko eta naturaren zikloak imitatzeko herritarrak gidatzen dituena. Naturaren zikloan, beste batek aprobetxatzeko baliabide izateko moduan diseinatuta daude baztertzen diren materialak. Zero Zaborrek esan nahi du produktuak eta prozesuak diseinatzea eta kudeatzea, hondakinen eta materialen toxizitatea eta kopurua sistematikoki saihestu eta ezabatzeko, baliabideak berreskuratu eta mantentzeko, eta ez erretzeko edo lurpean sartzeko. Hondakinak zabortegietara, uretara edo airera hondakinak botatzea mehatxu bat da planetaren, pertsonen, animalien eta landareen osasunarentzat, eta Zero Zabor politika ezarita mehatxu hori bukatzen da".
Hala ere, posible al da zero zaborrera heltzea?
Ezin da eztabaidatu: hondakinen eta materialen kudeaketan hobetzeko tartea ikaragarri handia da, eta asko hobetu behar da. Oraintxe bertan, erronka da bilketa selektiboa %80ra edo %90era iristea, eta hori bai, posible da. Horretara iritsitakoan, gertuago egongo da Zero Zabor, eta orduan industriarekin lan egin beharko dugu, Zero Zaborren ideiarekin diseinatzeko dena. Baina garrantzitsuena, helburua baino gehiago, norabidea da. Zero Zaborrek norabidea jartzen digu, baliabideen kudeaketa onean beti urrunago joateko. Guk horrela esaten dugu: "Ez bazaude zero zaborren alde, zenbat hondakinen alde zaude?".
Gipuzkoako hainbat alderdi politiko esaten ari dira atez ateko bilketa garestiagoa eta zikinagoa dela. Zer iritzi duzu horri buruz?
Bilketa selektiboa egiteko, beste edozein sistemak baino emaitza hobeak ematen dituela erakutsi du atez atekoak. Batzuetan garestiagoa da, baina gehienetan ez. Eta kontatuko balira ingurumenaren pasiboak, eta enplegu sorreraren ondorioak, atez atekoak gol askoren aldearekin irabaziko luke. Zikinkeriari buruz, ez dago frogarik erakusten duenik atez atekoa beste sistemak baino zikinagoa denik. Atez atekoa egiten duten herriak bisitatzen dituztenek ez dute zikintasun irudipenik izaten. Normalean, horrelakoak esaten dituzte atez atekoa ezagutzen ez duten edo funtzionatzen ikusi ez duten pertsonek.
Esaten da, baita ere, hondakinak biltzeko modu bat dela atez atekoa, baina ez dela hondakinak tratatzeko modu bat, eta %70 edo %80 birziklatuta ere errauste planta bat behar litzatekeela...
Argi dago zenbat eta gehiago birziklatu, gutxiago dagoela zabortegira edo erraustera bidaltzeko. Alde horretatik, galdera da nola iritsiko garen %80ko edo %90eko birziklatze tasa batera, eta, aldi berean, nola gutxituko dugun hondakinen kopurua. Azpiegituren plan bat egitea, eta errauste plantez edo zabortegiez hitz egiten hastea, aldez aurretik porrota onartzea da, eta etxea teilatutik eraikitzen hastea. Bilketa selektiboa ahalik eta handiena izatea da lehentasuna, eta hori lortzeko ezinbestekoa da malgutasun handi bat edukitzea hondakinen bukaerako tratamenduarekin. Eta errauste planta bat malgutasunaren antitesia da.
Nola ikusten dituzu enpresak? Hondakinen gaineko erantzukizuna bere gain hartzeko urratsak egiten ari dira? Bada esperientzia positiborik?
Enpresak dira interesatuen daudenak Zero Zabor ideian, haiek badakite eta hondakinak kostu hutsa direla. Zero Zaborrek kostu gutxiago esan nahi du. Badira enpresa batzuk, Zero Zaborren filosofiaz jabetu gabe ere, produkzio prozesuetatik hondakinak ezabatzeko helburuak hartu dituztenak, kostu arrazoi hutsengatik. Hewlett Packard edo Wall-Mart bezalako enpresek hartu dituzte Zero Zabor helburuak. Bulegoei dagokionez, berriz, zertifikatua eman berri diogu Bruselako energia berriztagarrien eraikinari.
Gipuzkoa aukeratu duzue Europako Zero Zabor mugimenduaren bigarren batzarra egiteko. Zein izan da Gipuzkoa aukeratzeko arrazoia?
Adierazi nahi dugu Gipuzkoak izugarrizko aukera duela jauzi erraldoi bat emateko baliabideen kudeaketan, eta mundu mailan lehen lerroan jar daitekeela. Europako Zero Zabor mugimenduaren koordinazioan ere urratsak egin nahi ditugu, Zero Zabor udalerrien sare bat sortuz eta Europa mailako proiektuak zehaztuz.