Estradizioa

Joan Mari Olano Madrilen esku utzi dute

AAB Amnistiaren Aldeko Batzordeetako bozeramaile Joan Mari Olano Espainiaren esku utzi dute jada, iturri ofizialek zabaldu dutenez. Frantziako agintariek Olano Espainiara entregatzeko erabakia hartu dute, haren abokatuek estradizioaren aurka jarritako azken helegitetik zortzi egunera. Olano 2001eko abenduaren 3an atxilotu zuten jendarmeek Baionan, eta harrezkero Gradignaneko (Frantzia) espetxean izan dute preso. Polizia iturrien arabera, hegazkinez eraman dute Madrilera eta Soto del Real espetxean sartuko dute. Astelehenean, berriz, Baltasar Garzon epailearen aurrera eramango dute.

2003ko azaroaren 13a
14:20
Entzun
Frantziako Estatu Kontseiluak Olanok bere estradizioaren aurka jarritako auzi-eskea atzera bota zuen, Frantziako lehen ministro Jean-Pierre Raffarinek 2002ko azaroaren 25ean Olano estraditatzeko sinatutako dekretuaren alde eginez.

Frantziako jurisdikzio administratiboaren arabera, Joan Mari Olanori Espainiako justiziak inputatzen dizkion delituak "zigortu egiten dira Frantziako zuzenbidean, ez dute izaera politikorik eta estradizio eskaria ez dute egin arraza, erlijio, naziotasun edo iritzi politikoak argudiatuta".

Jose Maria Michavila Espainiako Justizia Ministroarentzat "urrats kualitatibo handia" izan da Frantziarekin duten elkarlan honen emaitza, lehen aldia baita "ETAren ustezko inguruarekin" zerikusia duen norbait estraditatzen dutela.

Bide judiziala agortuta

Joan Mari Olanoren defentsak bide judizial guztiak agortu zituen, Frantziako Auzitegi Gorenak atzera bota baitzuen 2002ko urrian Olanok berak Pabeko Apelazio Epaitegiak estradizioaren alde egiteko jarritako helegitea.

Pabeko Apelazio Epaitegiaren epaiaren arabera, Olano Espainian bakarrik epaitu dezakete 1995eko otsailaren 12tik hona "ETAren usteko kide izateagatik" egindako delituengatik, gainontzeko ustezko delituek preskribitu egin baitute. Espainiako Justiziak –Baltasar Garzon epaileak, hain zuzen–"ETAko kide izatea" leporatzen dio, "ETA-KAS-EKIN kasuekin zerikusia duten atxilotuei laguntza ekonomikoa eman eta talde horretako kideei babesa emateagatik".

Baionan atxilotua

Joan Mari Olano Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea 2001eko abenduaren 3an atxilotu zuten jendarmeek Baionan, Baltasar Garzon epaileak bere aurka nazioarteko atxilotze eta bilatze agindua eman eta gero. Espainiako justiziaren arabera, AABetako "arduradun nagusietako bat" da. Amnistiaren Aldeko Batzordeen ekintza guztiak legez kanpo gelditu ziren Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak hala agindu eta gero. Garzon epailearen arabera, Gestorak "ETAk sortu, diseinatu, babestu, bultzatu eta finantzatutako" erakundea da.

Atxilotu zutenetik, Bordel inguruan dagoen Gradignan espetxean egon da Olano, eta polizia iturrien arabera, hegazkinez eramango dute Madrilera eta Soto del Real espetxean sartuko dute. Astelehenean, berriz, Baltasar Garzon epailearen aurrera eramango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.