Euskaltzaindiak Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso aukeratu ditu gaur osoko bilkuran, gehiengo osoz. Bilbon izan da ekitaldia, eta 29. eta 30. zenbaki-hutsarteak betetzeko hautagaitzen inguruan erabaki dute euskaltzainek.
Joan den urriaren 26an Donostian egindako bilkuran Torrealdai eta Oñederra euskaltzain urgazleak proposatu zituzten. Jose Antonio Arana Martixak, Miren Azkaratek eta Andres Urrutiak proposatu dute Torrealdairen hautagaitza, eta Henrike Knorrek, Xabier Kintanak eta Pello Salaburuk Oñederrarena.
Joan Mari Torrealdai. Foruan (Bizkaia) jaio zen, 1942an. Euskaltzain urgazlea da. Jakin aldizkariko arduraduna da, eta han egiten du lan. Hainbat liburu ditu idatziak: Iraultzaz (1973, Jakin), Euskal idazleak gaur (1977), Euskal kultura gaur (1997), Artaziak-euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (2000, Susa), El libro negro del euskera (1998, Ttarttalo), Martin Ugalde, Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena (1998), Imanol Murua, Gipuzkoako alkate (2004, Alkartasuna Fundazioa), XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1993, Gipuzkoako Foru Aldundia), 30 urte liburugintzan (2007, Jakin). Euskaldunon Egunkaria-ren sorreratik (1990) 2003an Espainiako Auzitegi Nazionalak kazeta itxi zuen arte zuzendaritzako kidea izan zen (Guardia Zibilak atxilotu egin zuen, eta auzipetuta dago auzi horregatik, baita auzi ekonomikoarengatik ere).
Lourdes Oñederra. Donostian jaio zen, 1958an. Euskaltzain urgazlea da. Hizkuntzalaria da, Filologia Hispanikoan lizentziatua eta Euskal Filologian doktore. Gasteizko EHUko Filologia Fakultatean egiten du lan, Fonologiako irakasle gisa. Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro nobelari idatzitako epilogoaren zein Ere eta Oh, Euzkadi! aldizkarietan argitara emandako artikulu askoren egilea da. Euskaldunon Egunkaria -ko zutabegile ere izana da. Nobela bat dauka: Eta emakumeari sugeak esan zion (1999, Erein). Hainbat sari jasota dago: Euskadi Saria, Kritika Saria, Beterriko Liburua, Zilarrezko Euskadi.
Euskara
Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso aukeratu dituzte
Bilbon egin du ekitaldia Euskaltzaindiak, 29. eta 30. zenbaki-hutsarteak betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu