Joan Mari Torrealdairen heriotzaren lehen urteurrena

Joan Mari Torrealdairen ekarpena aztertu dute

Pentsalariaren figura eta ondarea aztertzeko jardunaldiak egin dituzte gaur goizean, Martin Ugalde parkean.

2021eko uztailaren 29a
15:11
Entzun

Goizeko egitarauari hasiera emateko, euskal filologiako lizentziadun, udal euskara teknikari eta euskalgintzako ekintzaile Dabid Anaut aritu da, Torrealdaik euskarari eta euskalgintzari egindako ekarpena aztertuz. Xabier Eizagirre Jakin-eko erredakzioburuak Torrealdai: liburugintzaren ikerketa hitzaldia eman du. Lourdes Otaegi UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasleak, berriz, Torrealdai: liburua eta zentsura izeneko hitzartzea egin du. Azkenik, Torrealdaik euskal kazetaritzari egindako ekarpenari buruz aritu da Imanol Murua kazetaria, EHUko Kazetaritza II Saileko irakasle eta Jakin taldeko kidea.

Izan ere, hitzaldi bakar batekin ez da nahikoa foruarrak jorratu zituen gaien gainean hitz egiteko, bere ibilbide oparoak askorako eman baitzuen. Euskalgintzan, besteak beste, euskararen modernizazioaren sustatzaile nagusietako bat izan zen Torrealdai, eta euskara batuaren defendatzailea hasieratik. Liburugintzan, 42 urtean aztertu zuen euskal liburugintza, kuantitatiboki nahiz kualitatiboki, liburugintzaren egoerak kultura oso baten osasunaren berri ematen duen premisatik abiatuta. Liburugintza aztertzen hasitakoan, euskal liburugintzan zentsurak izandako garrantziaz jabetu zen, eta paraleloki beste ikerketa lerro bat abiatu zuen, nork zentsuratzen zuen, zeren gainean, zer eta zer argumenturekin eta abar aztertzeko. Hala, zentsuraren teoriko eta ikertzaile nagusi bihurtu zen. Kazetaritzan, 517 artikulu idatzi zituen 41 hedabidetan, baina, kazetari gisa ez ezik, euskal komunikabideen sorreran –tartean Euskaldunon Egunkaria— eta horien teorizazioan ere lan handia egin zuen. Jakinen, berriz, 42 urtean izan zen zuzendari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.