John Fitzgerald (ESRI): "Austeritatearen ostean arrakasta etortzen da"

2013ko azaroaren 4a
13:10
Entzun

John Fitzgerald ekonomialari irlandarra ESRI Irlandako Ikerketa Ekonomiko eta Sozialen Institutuko kidea eta AIEC Europako Institutu Ekonomikoen Elkarteko presidentea da. Baikor begiratzen dio Irlandak aurrean duen "susperraldi aro berriari".

Atzeraldia benetan atzean laga du Irlandak?

Baietz uste dut. BPG barne produktu gordinari begiratu beharrean BPN barne produktu nazionalari begiratuz gero, ikusiko duzu iazko urte amaierako beherakadaren ostean gora egiten hasi dela aurtengo lehen seihilekoan, eta langabezia tasa jaisten ari dela. Datu horiek erakusten dute ekonomia aurrera egiten ari dela. Gertatzen dena da Irlandan dauden konpainia farmazeutiko askok diru sarrerak txikitu dituztela, baina konpainia horiek estatubatuarrak dira. Horrek esportazioak jaistea dakar, eta BPGan du eragina. Mundu guztiak BPGari begiratzen dio, baina gure kasuan ekonomiaren berreskurapena ezkutatzen du.

Zeintzuk izan dira faktore nagusiak ekonomia berpizteko?

Espainiarekin alderatuta, adibidez, Irlandan 2010eko azaroan, troika etorri aurretik, indarrean jarritako murrizketa programa geldoagoa baina errealistagoa zen. Irlandan aurreko gobernuak helburu egingarriak utzi zizkion egungo gobernuari. Espainian, berriz, aurreko gobernuak ezinezko helburuak lortzea agindu zuen, eta horrek asko zaildu dio egitekoa Mariano Rajoyren gobernuari. Horrekin, dena den, ez dut esan nahi Rajoyk okerrak egin ez dituenik. Horixe izan da Irlandaren irakasgaia: ez promes egin gehiegi, eta jokatu gogorrago. Hazkundea motela dugu, eta aurten ere handia izango da defizita, baina konfiantza sortu dugu.

Hala ere, bide zaila eta luzea du Dublinek egiteko. Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Arazo nagusia bankuak dira. Berankortasun tasa handia dago, jendeak ez ditu zorrak ordaintzen, eta hori konpondu beharra dago. Bestela, zerga ordaintzaileek ordain dezaketena baino diru gehiago galduko dute bankuek. Gobernuak ziurtatu behar du bankuek hipoteketatik ahal bezain diru gehien berreskuratuko dutela, eta oso zaila da hori, gobernua bera baita banku askoren jabea. Hipoteka ordaintzeko zailtasuna duen jendeari ordaintzeko edo bestela etxea galduko dutela esan behar diote bankuek, baina gobernuak esatea zailagoa da. Errazagoa izango litzateke dena bankuak pribatuak balira.

Atzerriko inbertitzaileek zergatik berreskuratu dute konfiantza? Zergatik uste dute Irlandako ekonomia haziko dela eta zor publiko handia ordaintzeko gai izango dela?

Ekonomia dagoeneko hazten ari delako, Europa hazten ari ez den unean. Esportazioak ondo doaz, barne kontsumoa ez horrenbeste. Etxegintza sektorean, adibidez, gazteek eros ditzakete etxeak zorrik ez dutelako, baina nagusiek zorrak dituzte. Gazteak dirua izaten eta gastatzen hasi dira, eta horrek bultzatuko du berreskurapena, eta 2014an gorakada ikustea espero dugu. Hori guztia Europa ere berreskurapen bidean sartzen bada, bestela, arazo larria izango dugu denok.

Irlandako susperraldia, dena den, ez da uniformea. Hirietan hazten ari da ekonomia, baina nekazaritza guneetan geldi jarraitzen du.

Egia da. Susperraldia lehenik lan kualifikatuetan eta gero eraikuntzan hasiko da hirietan, eta landa guneak atzean geratuko dira. Baina susperraldiak hiri nagusiei eragiten dienean, herrialde osoak jarraituko dio.

Susperraldiak Bruselaren eta Berlinen austeritate errezetaren baliagarritasuna berresten du?

Irlandak arazo handia zuen, eta ez zen zulotik aterako Europako kideen laguntza barik. Batzuetan Alemania eta Finlandiarekiko haserrea sentitzen da, baina laguntza eskaini zuten, eta dirua bueltatuko zaie. Areago, Alemaniak dirua irabazi du. EBtik ez eze, Erresuma Batuak, Danimarkak eta Suediak aparteko maileguak eman zizkioten Dublini. EBZren eta Alemaniaren aholku batzuk ez dira lagungarriak izan, baina azkenean balio izan du.

Zure uste, beraz, austeritateak funtzionatzen du.

Bai. Arazoa da austeritate garaian ez zarela hazten. Austeritate programa amaitu arte okerra dirudi, baina gero etortzen da arrakasta. Ziur nago Espainian ere gauza bera gertatuko dela.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.