Jokin Zeberioren sendiari kalte-ordaina eman beharko diote jazarleen gurasoek

Hezkuntza Sailari ez zaiolako errurik egotzi, kexu da eskolan jazarria izan ostean suizidatu zen mutilaren familia

Jokin Zeberio hil zen tokian kandelak eta lore sortak. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Egindako «kalte morala» dirutan ordaindu beharko dute. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aginduta, Jokin Zeberioren sendiari, eskolan ikaskideen jazarpena jasan ostean bere buruaz beste egin zuen haurraren sendiari kalte-ordaina ordaindu beharko diote hari jazarri zitzaizkion zazpi gazteen gurasoek. 10.000 euro pagatu beharko dizkio familia bakoitzak jazarritako nerabearen sendiari. Zeberio familiak ez du gogo onez hartu epaia. Izan ere, helegite bidez eskatua zuten auzibide honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila jazotakoaren erantzule zela ebazteko, baina eskaera hori ez du aintzakotzat hartu epaiak.

Jokin Zeberio 14 urteko nerabeak 2004ko irailaren 21ean egin zuen bere buruaz beste, Hondarribiko (Gipuzkoa) harresietatik bere burua botata. Udalerri horretako Talaia ikastetxeko ikaslea zen, eta aurreko asteetan jazarpena jasan zuen ikaskideen partetik. Familiak beti argudiatu du, jazarpen hori eskola barruan jazo zen heinean, ikastetxea eta hezkuntza arduradunak jazotakoaren erantzule izan zirela.

Epaiaren arabera, ordea, lehen jazarpen kasua izan eta lau egunera jarri zen eskolako ikasketa burua Jokin Zeberioren gurasoekin harremanetan. «Erreakzio logikoa» izan zuela dio, eta ezin dela eskolaren portaeraren eta gaztearen suizidioaren artean «kausazko loturarik» egin. Epaiak gogora ekarri du, gainera, nerabearen «arazoak» ez zirela «soilik» eskolako eremukoak.

Erabaki horrekin guztiz kritiko mintzatu zen atzo jazarritako mutil gaztearen osaba, Miguel Angel Zeberio. «Gurasoak dardarka jartzeko moduan daude, dirudienez ikastetxeei inoiz ez dagokie erantzukizunik hartzea hormen barruan gertatzen diren gauzen harira», adierazi zuen. «Atsekabetuta gaude». Epai honen kontra helegitea jarriko duten ez dute erabaki oraindik.

Zelaa, pozik

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak, berriz, epai honek eta antzekoek eskola jazarpenaren kontra egiten lagundu behar dutela gogorarazi zuen atzo. «Oso gogorra izan zen, eta era honetako ebazpenekin eskola prebentzioa lantzera gehiago bultzatzea espero dut».

2005ean auzipetu zituzten Jokin Zeberiori jazartzeaz akusatutako zortzi ikaskideak, eta horietatik zazpi kondenatu zituzten gazteentzako zentro batean urtebete egitera, eta beste urtebete, berriz, zaintzapeko askatasunean egitera. Jokin Zeberioren osotasun moralaren eta osasun psikikoaren kontrako delitua egotzi zieten. Auzibide korapilotsua izan zen, eta luzea; gazteen gurasoak saiatu ziren gazteen zentro itxiko egonaldia saihesten, eta Adingabeen Epaitegiak arrazoi eman zien, baina azkenean Jokin Zeberioren gurasoek helegite bidez lortu zuten gazteak zentro itxian sartzeko zigorra berrestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.