Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak

Jokoan dagoena

Felix Iriarte.
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Jakina, Raxoi eta Rubalcabaren arteko lehia. Hala ere, hauteskunde kanpaina hasi aurretik badakigu PPko hautagaia izango dela Espainiako hurrengo presidentea. Horrela ikusita, interesik gabeko kanpaina baten aurrean gaudela esan genezake—eta Raxoi piper eta gatz guztia kentzen saiatuko da are eta interes gutxiago izan dezan—, baina hainbat zalantza argitu beharko ditu arazoaren 20ko gauak.

Lehena, gehiengoarena. Sozialisten helburu bakarra Raxoiren gehiengo absolutua saihestea besterik ez da. Eta jeltzaleena ere bai. Kanpaina berotu behar du Rubalcabak, PPko hautagaiaren akatsak bilatu, ea hankasartze horiek erdi lo eta itxaropenik gabe dauden hautesle sozialistak berpizten dituen. Ez du ematen PPko estrategek amu hori irentsiko dutenik. Orain arte Raxoik ez du proposamen zehatzik egin eta inork ez dezala pentsa haren asmoak zeintzuk diren argituko duenik bi aste hauetan. Ezta bien arteko telebistaren aurreko eztabaidan ere. Apustu egingo nuke Raxoik debatea galduko duela, baina egun horretan hauteskundeak irabazteko urratsa egingo duela aldi berean.

EAJk asko du jokoan. PPren gehiengo absolutuak Kongresuan bere ohiko jokoa egitea eragotziko dio. Madrilen beharrezkoa izateari etekin handia atera diote jeltzaleek, autogobernua sendotzeko erabili baitute, baina hori guztia alda daiteke. Gainera, gehiengo absolutuaren jokalekuan, bere bigarren kartak —bake prozesuan lagungarri izatea— balioa galduko luke. Zertarako jeltzaleekin hitzartu bidea Amaiurrekin egiteko aukera izanda. Lan handia izango du Urkulluk, begi batekin PP eta bestearekin ezker abertzalearen ibilbidea zaintzen.

Patxi Lopezek ere badu berea. Egun hauetan lehendakariari dagozkion kontuak baztertu eta PSOEko buruzagi moduan ari da. Rubalcabaren erreskatean atera da, haren aktiborik onenetakoa omen da eta. Horrek ere erakusten du sozialisten ahuldadea. ETAren erabakiak pisu gutxi izango du haueskundeen emaitzetan, inkesten arabera Espainian %3k bakarrik uste baitute indarkeria arazo larria dela; gehien-gehienek krisi ekonomikoari lotutako neurriak ikusi nahi dituzte, Rubalcabak eta PSOEk eman ezin dituztenak. Eta, hutsune hori estaltzeko, hor dabil Patxi Lopez Espainiako basamortuan predikatzen bakea lortzeko Rubalcabak egin omen dituenak.

Emaitzek Ajuria Eneko gobernagarritasunean eraginik izango ez balu bezala ari dira sozialistak. Basagoitik legealdia amaitu arteko babesa eman dio Lopezi, baina batak zein besteak badakite Amaiurren zenbakiek ahulduko dutela Jaurlaritzaren sinesgarritasuna. Kongresuko gehiengoen zalantzak argitzea bezain interesgarria izango da jakitea hemengo emaitzekin zer-nolako Legebiltzarra osa daitekeen. Kalkulu hori egingo dute Patxi Lopezek eta Basagoitik, baina baita EAJko eta ezker abertzaleko buruzagiek ere. PPren eta PSEren arteko egungo gehiengoak ez du beste aukerarik izango. Beste bi ardatz hartu beharko dira kontuan Patxi Lopezen ordezkoa nor izan daitekeen aurreikusteko. Jeltzaleen eta popularren zenbakiek bilduta PSErenak eta Amaiurrenak gainditzen badute, hau da, eskuinak ezkerrari aurrea hartzen badio, lehendakari jeltzalea, nahiz eta Amaiurrek legebiltzarkide gehiago lortu. Baina ezkerra nagusi balitz, orduan Ajuria Eneko ateak Amaiurreko hautagaiak irekiko lituzke. Hori bai dela herri honetan benetan jakin-mina pizten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.