Jon Agirre Agiriano (Aramaio, 68 urte) presoa berriz ere Basauriko espetxera eraman dute, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez. Infekzio bat dela-eta San Fermin egunetik Basurtu Bilboko erietxean izan da, atzo bukatu zuen tratamendua eta orain jarraipena kartzelan egingo diotela adierazi diote.
AAMk dio atzo haren senide bat ospitalera joan zela Agirreri bisita egitera baina, aurreko egunetan ez bezala, ez ziotela utzi bertan sartzen, presoak astean bisita bakarra izan dezakeela argudiatuta.
Agirrek zigor osoa betea duen arren eta oso gaixo dagoen arren, kartzelan daukate. 29 urte daramatza preso. Haren lagunek ohartarazi izan dutenez, espetxean egindako urteen ondorio dira haren osasun arazoak. Artrosi orokortua du, hernia diskala, protesia eskuineko aldakan, diabete mellitus gaitza, ikusmena eta entzumena galtzen ari da eta bihotzekoak jotzeko arriskua du, besteak beste.
2006an bete zuen zigor osoa, baina 2011ra arte luzatu diote espetxealdia. Basauriko espetxean daukate egun.
1981eko maiatzean atxilotu zuen Guardia Zibilak, ETArekin zerikusia zuelakoan.
euskal presoak
Jon Agirre Agiriano ospitaletik espetxera eraman dute berriro
Lehengo astetik erietxean egon da, gaitz bat medio. Presoak 68 urte ditu eta 29 daramatza espetxean -Basaurin dagon orain-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu