Jon Anzaren auziaren kronologia

2013ko uztailaren 12a
12:04
Entzun

2009

Desagerketa. Jon Anzaren neska-lagunak preso ohia Baionako tren geltokira eraman zuen apirilaren 18an, eta hark Okzitaniako Tolosarako trena hartu zuen.

Kezka. Bost egun geroago hasi ziren senideak kezkatzen. Izan ere, minbizia zuen Anzak, Bordeleko erietxean ordua hartua zuen apirilaren 24rako, eta ez zen agertu.

Lehen bilatze saioak. Senideak berehala hasi ziren haren bila. Sorospen zerbitzuetara jo zuten lehenik, erietxeren batean ote zegoen galdezka. Ospitale askotara deitu zuten; tartean, Anzaren gorpua agertu den Tolosako ospitalera.

Salaketa. Maiatzean familiaren abokatuek salaketa jarri zuten Baionako auzitegian, bilatzeko prozedura hasteko.

ETAren oharra. Maiatzaren 21ean ETAren agiria kaleratu zuen Gara egunkariak. Anza ETAko kidea zela zioen, eta Poliziak bazekiela hori. Apirilaren 18an Okzitaniako Tolosan ETAkoekin gelditua zela harekin, baina ez zela iritsi. "Gerra zikinarekin" lotu zuen desagerketa.

Salaketa gezurtatu nahian Rubalcaba eta Ares. ETAren salaketa "gezurra" zela esan zuten jarraian Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Ekainean, desagerketa "ETAren arazoa" zela esan zuen Rubalcabak.

Ikerketa abiatzeko agindua. Ekainean desagerketari buruzko ikerketa abiatzeko eskatu zuen Anne Kayanakis Baionako fiskalak. Anzaren etxea miatu zuten Ahetzen.

Herritarrak, bilaketan. Anza bilatzeko lanean hasi ziren boluntarioak taldeka, herritarrei galdetuz eta preso ohiaren argazkiak kalean itsatsiz. Talde bat Tolosako ospitalera ere joan zen galdezka. Ia hamar hilabete geroago, han agertu zen hilotza.

Mobilizazioak. Maiatzean bahiketaren hipotesia nagusitzearekin batera hasi ziren protestak. Eta ehunka mobilizazio egin dira, Non da Jon? lelopean. Ekainean milaka lagunek salatu zuten Donostian Anza "gerra zikinaren biktima" zela, eta irailean bi mila lagunek egin zuten martxa Donibane Lohizunen. Hilero, 18. egunean, protestak egin zituzten herri askotan. Presoek ere egin zituzten protestak.

2010

Hedabideak, poliziei begira. Gara egunkariak iturri sinesgarriak aipatuta argitaratu zuen Espainiako Poliziak Anza trenean harrapatu, legez kanpo galdekatu, hil eta lurperatu zuela. Le Monde egunkariak ere sinesgarritasuna eman zion Espainiako Poliziak bahitu izanaren hipotesiari. Martxoan "bahiketaren eta Espainiako Poliziaren hutsegitearen hipotesiari" indar eman zion Liberation kazetak. Jacques Massey kazetariak ETAri buruz kaleratutako liburuan, Espainiako Poliziaren zerbitzu sekretuei egotzi zien "bahiketa".

Andreu epailea. Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ikerketarako diligentziak hasi zituen otsailean, Baionako fiskalak eskatuta.

Anzaren gorpuaren berri. Martxoaren 11n jakin zen —ofizialki— Jon Anza hilda zegoela eta gorpua Tolosako Purpan erietxean zegoela. Informazio ofizialen arabera, preso ohia apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean osasun egoera txarrean; hiriko erietxe horretara eraman zuten, maiatzaren 11n hil zen eta harrezkero Purpaneko gorputegian zegoen.

"Gerra zikina izan da". Anza zenaren senideek, abokatuek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Non da Jon? kolektiboak eta beste hainbat eragilek martxoaren 13an esan zuten heriotza "gerra zikinaren ekintza" izan zela eta Espainiako polizia indarrek eragin zutela hilketa. "Jon bahitu, torturatu eta hil egin zuten".

Manifestazio jendetsua Donostian. Martxoaren 14an zortzi mila lagun bildu ziren Donostian Anzaren heriotza salatzeko. Martxoaren 18an mobilizazio ugari egin zituzten hainbat hiri eta herritan.

Lehen autopsia. Martxoaren 15ean egin zioten Anzari lehen autopsia, Tolosan, senideen konfiantzako medikurik gabe. Frantziako Polizia Euskal Herritik joandako jendeari oldartu egin zitzaion. Baionako fiskalak esan zuenez, gorpuak ez zuen kolperik eta bala zauririk.

Ikerketa instrukzio epaileari. Kayanakis Baionako fiskalak martxoaren 18an igorri zion Michel Valet Tolosako Epaitegiko fiskalari auziari buruzko dosierra, eta auzitegi horren esku geratu zen ikerketa. Valetek instrukzio epaile bati eman zion gaia, eta, horrek ikerketa abiatzean, Anzaren sendiak informazioa jasotzeko aukera zuen, parte zibil gisa.

Anza iritsi zen apirilaren 18an Tolosara. Baionako fiskalak ziurtatu zuen Anza iritsi zela Tolosara iazko apirilaren 18an, preso ohiak aurreikusia zuen bezala. Kayanakisek emandako beste datu baten arabera, euskal militantea Baionako tren geltokitik arropa batzuekin atera zen, eta apirilaren 29an aurkitu zutenean beste batzuekin zegoen. Ikerketa sekretupean zegoela gogorarazi zuen prokuradoreak.

Auzitegi Nazionalak Anzari buruzko informazioa eman zion Frantziari. Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionalak Jon Anzari buruzko informazioa bidali zion martxoaren 23an Frantziako Fiskaltzari. Auzitegi hartako iturrien arabera, euskal militanteak egindako telefono deien eta bankuko mugimenduen berri eman zion.

'Anza kasuari' buruzko bloga itxi zuten. Anzaren desagerpenaren eta heriotzaren eta horren inguruko zalantzen berri ematen zuen bloga itxi zuten martxoaren 24an. Erabilpen arauak urratu zirelako itxi zutela azaldu zuen Wordepressek. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ordea, "zentsura" ikusi zuen.

Bost mila lagun manifestazioan. Apirilaren 17an, bost mila lagun bildu ziren Donibane Lohizunen manifestazioan. Anzaren desagerpena argitzeko eskatu zuten.

Froga berriak hilotzari. Apirilaren 21ean froga berriak egin zizkioten Anzaren gorpuari, sendiak eskatu ostean. Tolosan egin zituzten analisiak, Rangueil ospitalean, Frantziako Justiziak aginduta. Hala ere, inoiz ez zuten onartu familiaren konfiantzazko sendagileak beste autopsia bat egitea.

Anzaren kasuan Baionako fiskalaren jarduna ikertzeko eskatu zioten Justizia ministroari. Abokatuek, Askatasunak eta Frantziako Giza Eskubideen Ligak agerraldia egin zuten uztailaren 1ean Parisen, eta Michelle Alliot-Marie Frantziako Justizia ministroari eskatu zioten iker zezala Anne Kayanakis Baionako prokuradorearen jarduna. Erantzunik ez balego, Alliot-Mariek afera estali nahi duela frogatutzat har daiteke, haien ustez.

Gorpua Euskal Herrira. 2010eko uztailaren 23an ekarri zuten Anzaren gorpua Euskal Herrira, Tolosatik (Okzitania). Harrera egin zioten Ziburuko gorputegian. Hurrengo egunean ezker abertzaleak omenaldia egin zion Ziburun bertan. Uztailaren 26an lurperatu zuten Anza Lapurdin —ez zuten jakinarazi lekua—, familia eta hurbilekoen artean.

2012

Epailea, Tolosako prokuradorea galdekatu gabe eta sendiari mediku txostena eman gabe. 2012ko martxoaren 26an, hilabete luzeetan inolako berririk ukan gabe, Anza familiak jakin zuen Tolosako instrukzio epaileak bere bi eskaera garrantzitsuenak ezeztatu zituela: Tolosako prokuradorea galdekatzea eta familiari Anzaren mediku txostena komunikatzea.

Eskaera parlamentuari. Inkesta parlamentarioa zabaltzeko eskatu zuen Jon Anza kolektiboak apirilaren 18an.

2013

Frantziako Fiskaltzaren ustez, minbiziak jota hil zen Anza. Frantziako Fiskaltzak Anza ETAko kidearen heriotzari buruzko auzia artxibatzeko eskatu zuen 2013ko otsailean, argudiatuta minbiziak jota zendu zela. Tolosako fiskalak ebatzi zuen minbiziak enbolia bat eragin ziola biriketan.

Ez zen Tolosako erietxean egon, Poliziaren ustez. Le Journal du Pays basque-Euskal Herriko kazeta-k ikerketa bat plazaratu zuen, eta jakinarazi zuen Frantziako Poliziak erran zuela Anzaren gorpua ez zela egon Tolosako erietxean, gerora han azaldu zen arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.