Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) Jon Anza militante desagertua (Donostia, 47 urte) non den galdetzeko manifestazioa deitu du larunbaterako Donibane Lohitzunen (Lapurdi). Joan den apirilaren 18az geroztik ez dago euskal preso ohi eta iheslari politikoaren berririk. Larunbateko deialdia "presioa egiteko" eta Anzaren desagerpenaz argibideak eskatzeko egingo dutela adierazi du AAMk.
AAMk "esperantza gutxi" du bost hilabete eta gero Anza bizirik aurkitzeko. "Frantziako errepublikak mendean dituen lurretan Espainiako Gobernuaren aparatuek desagerrarazi dute", adierazi du. "Gerra zikinaren ondoriorik latzena" Anzaren kasua dela nabarmendu du AAMk, baina Juan Mari Mujikak, Lander Fernandezek, Alain Berastegik eta Dani Saralegik ere bahiketak salatu dituztela gogoratu du.
Apirilaren 18an neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion Anzari, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk gero jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, apirilaren 18an hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu. Azkeneko urtean buruko gaixotasun bat du Anzak, eta ikusteko arazo handiak dauzka.
Politika
Jon Anzaren desagerpena salatzeko manifestazioa deitu dute larunbaterako Donibane Lohitzunen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu