Erietxera eraman aitzin, bihotz masajea eman zioten osasun zerbitzuek. «Berriz arnasa hartzea lortu zuten arren, osasun zerbitzuen esku egon den denboran konorterik gabe egon da Anza, atzeman zutenetik hil arte», zehaztu zuen Kayannakisek. Zuzenean aipatu gabe apirilaren 18tik 29ra dagoen hutsunea, argitu nahi izan zuen. Anzak ez zuen ukan hamaika egun horien berri emateko aukerarik.
Anza nortasun agirik gabe atzeman zuten. Patrikan bi tren txartel zituen. Baiona-Tolosarako joan-jina. Lehena, apirilaren 18rako, eta bigarrena, 20rako. Geroan ere erabilgarria zela zehaztu zuen prokuradoreak.
«Desagertutako pertsona bat aurkitzea zen nire lana eta parte bat egin dut; heriotzaren eta desagerpenaren arrazoiak argitu behar ditu esku artean dugun inkestak», erran zuen. Alta, argi guztia egiteko, bertze gauza anitzen artean, hamaika eguneko hutsune hori azaldu beharko du prokuradoreak eta atzo ez zuen horren inguruko xehetasunik eman. Desagerpenaren ondoren, Anzak ETAri helarazi beharreko dirua hartu, eta alde egin zuela adierazi zuen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak. «Rubalcabaren hipotesia baztertzen dut, baina ikerketako bertze ildo guztiak irekirik daude, azalpen osoa lortu arte», ihardetsi zien kazetariei prokuradoreak.
Hortik aitzina prozedurazko arrazoietara mugatu zen prokuradorea. Desagerpenaren aitzinean poliziaren eskua egon daitekeela pentsatzeko arrazoirik ez dagoela erran zuen. Norbaitek horren berri balu informazio horiek hartzeko prest dagoela erran zuen, eta berari emateko eskatu. Ikerketa denbora luzea izan dela onartu zuen, eta ustekabeko hainbat zailtasun aurkitu dituela. Horiek zergatik gertatu diren ikertuko dituela iragarri zuen, xehetasunik eman gabe.
Baionakoa ez da Anzaren desagerpenaren inguruan dagoen ikerketa bakarra. ETAk erakundeko militantea zela erran zuenetik, Parisko Poliziak ere horri buruzko ikerketa darama.
Gerra zikinaren isla
Anzaren gorpua agertu ondoren, azken hilabeteotan plazaratu duten susmoa baieztatu dela adierazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. «Jonen heriotzaren inguruan ematen ari diren bertsio sinesgaitzek Jonen heriotza gerra zikinarekin lotzera garamatzate, eta desagerpenaren atzean Espainiako eta Frantziako aparatu errepresiboak daudela ziurtzat jotzen dugu».
Frantziako Poliziak zabaldu duen bertsioa ez duela sinesten nabarmendu du AAMk. Poliziaren arabera, desagertuta egon den hamaika egun horietan non egon den Anza galdetzen du. Prokuradorearen agerraldian agertu ez diren hainbat puntu argitzea eskatu du, bertzeak bertze jakinaraztea nor izan zen Jon Anza banku batean jarrita ikusi zuen pertsona edo non dagoen ustez soinean zeraman dirua.
«Egun Euskal Herriak duen egoera eta testuinguru errepresibo basati honetan soilik uler daitezke Jon Anzaren bahiketa eta hilketa». Anzaren hilketan eta ezkutatzean, Espainiako eta Frantziako poliziek parte hartu dutela ziurtzat jotzen du AAMk. Gorpua abantzu urtebetez gorderik atxikitzea erabaki politikoa izan dela nabarmendu du. Zer gertatu den jakitea eta ardurak argitzea eskatu du.
AAMk mobilizazioak iragarri ditu egoera salatzeko. Bihar 17:30ean Errepresioa eta gerra zikina amaitu! lelopean manifestazioa egiteko deia egin dute. Donostiako Bulebarretik abiatuko da. Eta heldu den ostegunerako mobilizazio eguna iragarri dute.
Jon Anza
Presoen eskubideen aldeko borrokara emana
Ongi ezagutu zuen espetxeetako egoera zein den. Polizia baten hilketan parte hartzea egotzita, 1982ko inauterietako egun batean atxilotu zuten Jon Anza Ortuñez (Donostia, 1962). 101 urteko zigorra ezarri zioten, eta 21 urte egin zituen preso, Espainiako espetxe batetik bestera funtsezko arrazoirik eman gabe eramaten zutelarik. Preso politikoen eskubideen aldeko borrokaldietan azaltzen zuen grinagatik, Euskal Herritik urrunen eduki zuten azken urteetan, Tenerifeko irlan dagoen espetxean. Preso politikoen kolektiboaren irudia hark sortu zuela ere esan izan da. 2002. urtean utzi zuten aske. Donostiara itzuli, baina polizien jazarpena amaitzen ez zela ikusirik, Lapurdira joan zen bizitzera. 2005az geroztik Ahetzen bizi zen, Maixo Pascassio neska-lagunarekin. Hendaiako Sokoa Kooperatiban egin zuen lan, harik eta minbizia diagnostikatu zioten arte. Apirilaren 24an mediku hitzordua zuen. Kontsulta garrantzitsua izanik, bezperan askoz jota etxean bueltan espero zuten.Kordea galdurik atzeman zuten, Strasbourg etorbidean
Tolosako Strasbourg etorbidean atzeman zuten Anza, Hippopotamus jatetxearen aitzinean. Kordea galdurik, burua loreontzi baten kontra. Bezero batek udaltzainei jakinarazi zien. Lehenik, suhiltzaileak heldu ziren, eta gero, sendagileak. Bihotz masajea eman ondoren, Purpan izeneko erietxera eraman zuten.Astelehenean eginen diote autopsia Anzaren gorpuari
Kayannakis prokuradoreak jakinarazi du astelehenean eginen diotela autopsia Anzaren gorpuari.Gorpua aski andeatua dagoela nabarmendu du, baina bortizkeria itxurarik ez duela. Polizia Judizialeko ordezkari batek eta sendagile independente batek ukanen dute autopsiaren ardura. «Gure sisteman ez dago hirugarren alde baten interesekin lotura duen sendagilerik», zehaztu zuen. Arrazoi horretan oinarritu zen ez onartzeko autopsian familiak eskatutako konfiantzazko medikua. Atzo goizean prokuradoreak ez zion eman familiari gorpua ikusteko eskubidea. Arratsaldean, azkenik, familiaren konfiantzazko sendagile batek ikusi du gorpua, eta baieztatu du Anzarena dela.Prozedura huts ulertezinak gorpuaren identifikazioan
Ekainaren 4anAnza han ez zegoelaadierazi zion Purpan erietxeko zuzendariak prokuradoreariA.R. Baiona
Hamaika hilabetean gorpu bat norena den ez argitzea ulergaitza da. Hori aipatzen dute ahopetik Parisko auzitegiarekin batera lanean diharduten adituek. Usaian pertsona ezezagun bat hiltzen delarik, erietxeak horren berri eman behar dio auzitegiari. Ikertzeko dago Purpango erietxeak horrela egin duen. Eta ikertzeko Tolosakoak Baionakoari jakinarazi dion.
Apirilaren 18an desagertu zen Anza. 24an ez zen agertu Bordeleko erietxean zuen hitzordura, eta, ondorioz, Anzaren laguna galdezka hasi zen osasun etxeetan. Egun horretan deitu zuen Purpan erietxera.
Daten aitzakia
Familiak maiatzaren 15ean ezarri zuen salaketa. Hiru egun geroago eskuratu zuela azaldu du prokuradoreak. Poliziak maiatzaren 20an galdetu zion Purpango zuzendaritzari Anzarekin zerikusia ukan zezakeen norbaiten berri zuenez. Ekainaren 4an ezetz erantzun zuen hark. Egon den harrabots mediatikoaren ondoren bien arteko lotura ez egitea ulergaitza dela onartu zuen prokuradoreak.
Ikerketa ez du abiatu erietxeak, bertan lan egiten duen administrazioko langile batek. Baionako polizia etxean lan egiten duen lagun bati erran zion identifikatu gabeko pertsona bat zeukatela hamaika hilabetez. Berehala gorpu horren nortasuna argitzeko prozedura abian ezarri dela adierazi du prokuradoreak. Hamaika hilabete hatz markak hartzeko.