Jon Anzaren desagerpena «harrigarria» izan da, baita Le Monde-rentzat ere. Gorpuaren aurkikuntza ere. Zalantzak eta galderak dira nagusi. Agintariek baieztatu dute Tolosako gorputegiko hilotza Jon Anzarena dela, baina filtrazioez nahasturik. Heriotza egiaztatzeaz harago, ezer gutxi dago argi Anzaren kasuan. Heriotzaren kausarekin hasita: agiri medikuak eta autopsiaren emaitzak ezagutu zain egon beharra dago. Horrez gain, bi puntu ilun nagusi daude. Batetik, apirilaren 18tik 29ra doan denbora tartea, Baionan trena hartu zuenetik Tolosako parke batean ondoezik agertu arteko hamaika egun horiek. Bestetik, gorpua identifikatzeko hainbeste denbora -hamar hilabete luze- iragan izana. Ezin da ulertu maiatzaren 11n ospitalean hil, eta maiatzaren 20an Baionako prokuradorearen aginduz polizia ospitale eta gorputegietan galdezka ibili eta ez aurkitzea Jon Anzaren gorpua. Edo axolagabekeria handia izan da edo ezkutatzeko asmoa. Ikertu beharreko haria da, ezkutaketa egon ote den argitzea funtsezkoa baita.
Desagerpena azaltzeko bi hipotesi nagusi izan dira orain arte, kontrajarriak. Batzuek, Espainiako polizien esku-hartzea ikusi dute (bahitu, gaizkitu eta hil izana). Espainiako Barne Ministerioak, ETAren barne desadostasunak direla medio bere kabuz desagertu izana aipatu du. Kayanakis prokuradoreak berak arbuiatu du Rubalcabaren bertsio hori.
Gorpuaren aurkikuntzarekin batera ezagutu diren datu berriekin eutsi ahal zaio lehen hipotesiari, hots, gerra zikinaren hipotesiari? Heriotzaren kausa Anzaren osasun egoerarekin lotuta egongo balitz ere, apirilaren 18tik 29ra bitarteko hamaika egun horiek esplikaezinak dira gaixoaldi batekin. Borondatezko ihes batekin ere zaila da azaltzea, hamaika egun geroago Tolosan agertzea, agiririk gabe, arrastorik utzi gabe. Hamaika egunetako hutsune hori, ordea, ez litzateke bateraezina bahiketaren hipotesiarekin.
Kontuan hartu behar da, bestalde, garai hartan, zazpi hilabetean bost lagunek ordu batzuetako bahiketak jasan zituztela (euren lekukotasunaren arabera) polizia indarren aldetik. Baita ETAren zulo batean Anzaren hatz markak Frantziako Poliziak identifikatuak zituela ere. Beraz, zer ikertu eta zer argitu badago.
JON ANZAREN KASUA. Susmoak dirau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu