politika

Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu ez dira aurkeztuko 'Gatza' presoaren aldeko ekitaldiagatik Madrilen egingo dieten epaiketara

Espainiako Auzitegi Nazionala "Euskal Herriaren zapalkuntzaren tresna" dela esan dute biek gaur arratsaldean, hedabideen aurrean. Arnaldo Otegi, Itziar Galardi eta Josune Irakulis ere epaituko dituzte. 15 eta 18 hilabete arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte haien aurka. Jose Mari Sagarduik 1995ean bete zituen espetxealdiaren hiru laurdenak, eta 29 urte daramatza kartzelan.

2010eko urtarrilaren 26a
17:33
Entzun
Jose Mari Sagardui Gatza presoaren eskubideak aldarrikatzeagatik bihartik aurrera egingo dieten epaiketara ez direla aurkeztuko jakinarazi dute gaur arratsaldean Jon Enparantzak eta Estanis Etxaburuk prentsaurrekoan, Hernanin (Gipuzkoa). Arnaldo Otegi, Itziar Galardi eta Josune Irakulis ere epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, bostak ere "terrorismoa goratzea" eta "legez kanpoko bilkura" egitea egotzita.

Madrilera joango ez diren biek salatu dute Auzitegi Nazionala "Euskal Herriaren zapalkuntzaren tresna" dela eta ez daukala zilegitasunik euskal herritarrak epaitzeko. Esan dute ez dutela ezer ezkutatzeko eta ez direla euren borondatez joango, "eraman" egin beharko dituztela.

Gatzak oraindik ere preso jarraitzen duela gogoratu dute Enparantzak eta Etxaburuk, eta hari "bizi osoko zigorra" ezarri diola Espainiako Justiziak. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) aurtendik egiten ari den borrokaldiari elkartasuna adierazi diote, halaber. Sagarduiren lagun batzuk izan dituzte ondoan agerraldian.

29 urtean preso

Gatzak 29 urte daramatza preso, eta duela lau urte hura aske uzteko eskatzeko ekitaldia egin zuten Zornotzan (Bizkaia), kartzelan 25 urte bete zituela-eta -1995ean bete zituen espetxealdiaren hiru laurdenak-.

Ekitaldian parte hartu zutelako auzitara eramango dituzte aipatutako bostak. Otegik, Enparantzak eta Galardik hitza hartu zuten ekitaldian, Etxaburuk bertarako deia egin zuen eta Irakulisek ekitaldirako zein ondoren egindako manifestaziorako baimenak eskatu zituen udaletxean. Otegirentzat hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eta hamalau urteko inhabilitazioa eskatu du Fiskaltzak, eta beste laurentzat hamabost hilabeteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren baimen guztiak zituen ekitaldiak. Ermuko Foroak, baina, kereila jarri zuen, ekitaldi hartan "terrorismoa goratu" zela iritzita. Fernando Andreu epaileak iazko azaroaren 25ean kaleratu zuen auzipetze autoan esaten denez, "terrorismoa goratu" zuten aipatutako bostek.

Angela Murillo izango da epaimahaiburu eta, Fiskaltzaz gain, Ermuko Foroa eta Dignidad y Justiciak ere egingo dute akusazioa. Lekuko gisa deklaratuko dute lau guardia zibilek eta Poliziako kide batek. Ostiralean aurreikusten dute epaiketa amaitzea. 


Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.