Jon Enparantza euskal presoaren "erabateko isolamendu egoera" salatuko dute datorren larunbatean Donostian, Antigua auzoan, bertako bizilagun batzuen talde batek deituta. Azkeneko aldiz atxilotu zutenetik urtebete eta zortzi hilabete daramatza preso Enparantzak —Segoviako kartzelan (Espainia) daukate egun—, eta hamasei hilabetean dago zeharo isolatuta, espetxeko modulo batean bakartuta, taldeko kide Xabier Iriondok eta presoaren emazte Maider Alustizak Donostiako prentsaurrekoan esan dutenez. 13:30ean hasiko da manifestazioa, Gaskuina plazatik, Isolamenduari stop! Presoak etxera! lelopean. Antiguako beste euskal presoen egoera ere salatuko dute.
Alustizak eskerrak eman dizkie martxaren deitzaileei, eta dei egin du horrelako kasuak bukatzeko eta euskal presoen auziari irtenbide bat emateko. "Ezin da beste alde batera begiratu". Aurreko legealdian hiriko udal taldeei Enparantzaren (Donostia, 1968) egoeraren berri eman zieten, eta orain ekinbide "zehatzak" egiteko eskatuko diete; mozio bat aurkezteko asmoa dute. Iazko urrian ere gaitzetsi zuten kasua.
Ezarria dioten neurriaren ondorioz, presoak egun osoan kartzelako langileak baino ez ditu ikusten, eta hogei orduan ziegan egon behar izaten du. Ziegatik kanpoko patio txikian hormak eta gaineko sarea soilik ikus ditzake. Alustizak esan du "borrokaren ondorioz lortutako garaipen txiki" baten arabera, espetxeko kiroldegira joateko aukera duela Enparantzak, baina han ere ez du inor izaten. "Europak tortura zuri gisa aitortua du egoera hori", adierazi du presoaren emazteak.
Joan den urteko urtarrilaren 8an atxilotu zuten, ETArekin lotuta, eta espetxe araudiaren 10, 91.4 eta 94. artikuluak ezarri zizkioten hasieratik. Artikuluon arabera, muturreko arrisku arrazoiak behar dira preso bati erregimen itxia aplikatzeko. Espetxe zuzendaritzak esaten du hark ETArekin lukeen harremanagatik dagoela aipatutako erregimenean.
Arantza Zulueta ere erabateko isolamendu egoeran daukate, haren sendiak-eta aipatzen dutenez. Operazio berean atzeman zuten.