Isolamenduari stop! Presoak etxera! lelopean, manifestazioan batu dira ehunka lagun Antiguako Gaskuina plazan (Donostia) 13:30ean, Jon Enparantza preso dagoen abokatuaren egoera salatzeko.
Segoviako espetxeko (Espainia) modulu batean bakartuta daukate Enparantza. Egunean zehar, hogei ordutan ziega barruan edukitzen dute, bakarrik, eta patiora ateratzen denean ez du inor ikusten; egun osoan, espetxeko langileak baino ez.
Haren egoera auzitara eramango dute, eta epaitegian aurkeztuko duten salaketa sinatzeko aukera eman diete herritarrei. Antiguako Platero tabernan izango da horretarako aukera. Gainera, martxa bat egingo dute urrian Segoviako espetxera.
Joan den urteko urtarrilaren 8an atxilotu zuten, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekari taldea. Orain arte, hamasei hilabetean egon da "erabat isolatuta". "Muturreko arrisku arrazoiengatik" daukate egoera horretan, espetxe zuzendaritzak hala erabakita.