Atxiloketa

Jon Igor Urresti atzeman dute Ondarroan, ETAri laguntzea egotzita

Bart gauean atxilotu dute, eta haren etxea miatu. Urresti inkomunikatzeko agindua eman du Javier Gomez Bermudez epaileak. Madrilera igorri aurretik Bilbora eramango dute, mediku batek ikus dezan. TATek eskatu du inkomunikazio egoera lehenbailehen kentzeko eta bitartean hainbat neurri hartzeko.

Berria.info
2012ko irailaren 19a
17:17
Entzun

Espainiako Poliziak atxilotu du Jon Igor Urresti Osa Ondarroan (Bizkaia), gauerdi aldera. "Erakunde terroristaren laguntzaile" izatea leporatzen diote, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Urresti atzeman ondoren, haren etxebizitza miatu dute poliziek. Dokumentu ugari eta informatika tresnak eraman dituzte Urrestiren etxetik. Bost orduz aritu dira miaketa egiten, gauerditik goizaldeko bostak arte.

Gaur, Madrilera eramango dute, Espainiako Poliziaren komisaria batera. Lehenago, Bilbora eramango dute, sendagile batek ikus dezan, Poliziaren iturriek berri agentziei azaldu dietenez. Auzitegi Nazionaleko epaile Javier Gomez Bermudezek inkomunikazioa ezarri dio.

Urrestiren atxiloketarekin, 27 dira ETArekin nolabaiteko lotura izatea egotzita aurten atzemandako euskal herritarrak. Gaur arteko azkena Arturo Villanueva zen; abuztuaren 27an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Urruñan (Lapurdi).

TATen eskaerak gaurko atxiloketaren harira

TAT Torturaren Aurkako Taldeak eskatu du Urrestiri ezarri dioten inkomunikazio egoera lehenbailehen ken dezatela. Halaber, bitartean hainbat neurri har ditzatela:

- Atxilotua epailearen aurrera berehala eraman.

- Atxiloaldi osoa kamera bidez grabatu, eta grabazio horiek defentsaren esku ere utzi.

- Atxilotuak konfiantzazko medikuaren bisita jaso, eta bisita pribatua eta konfidentziala izan.

- Atxilotuak konfiantzazko abokatuaren asistentzia jaso.

- Familiari atxilotuari buruzko informazioa eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.