"Prokuradorearen bitartez, Frantziako estatuaren jarreran aldaketarik ez dagoela agertzen da, ez dago, ez eta aldaketa hastapenik ere ez", hori azpimarratu du Julien Brel Jon Paroten abokatuak arratsalde honetan iragan dei auzitik atera eta. Dei auziak oren bat eta erdi iraun du.
Epaileek beren erabakia otsailaren 22an iragarriko dute.
28 urte hauetan preso dela, Parotek bosgarren aldikoz du eskatzen baldintzapeko askatasuna. Hirugarren aldia du epaile batek onartzen diola askatasun hori. Baina hirugarren aldia da ere bai prokuradore batek dei egiten duela. Eta lehen bi deietan epaileek prokuradoreari zioten kasu egin eta Parot preso atxikitzera erabaki zuten.
Prokuradoreak "herriko ordenan nahasmendu larriak eragingo lituzkeela erraiten segitzen du. Egin krimenen salbuezpenezko larritasunak bizi guztiko zigorra eskatze duela. Eta epaileak ez direla hor amnistatzeko".
"Testuinguru berria azpimarratu dugu, gure aldetik. Baina terrorismoaren aurkako ministerio publikoarengan horrek ez du eragin izpirik. Borroka armatuaren bihotzean bagina bezala segitzen du. Ez du batere kontutan hartzen bake prozesu bat abian dagoela, euskal gizartea bakearen alde dagoela", beti abokatuaren hitzetan.
Egoera pertsonaletik begiratuz ere, "proiektu horrekin atera beharko luke", argi du abokatuak. "Gizarteratzeko erakusten dituen indarrak, zigorra egokitzeko aukerak" badituela eta, "baldintzapean askatzea onartzeko jartzen diren irizpideak hartzen balira kontuan, kanpoan beharko luke. Horrelako proiektu bat duen beste edozein preso aterako litzateke, hainbeste urte preso iraganik, gainera. Baina nola dosierrak dimentsio politikoa ere baduen, eta nola Espainia aldean ere interesak badauden, horrek egiten du dosierra biziki berezia dela".
Bagoaz-ek salatu du prokuradorearen jarrrera
Bagoaz-ek bidali agirian "ETAren desarmatzearen biharamunean nola posible ote da horrelako argumentuak entzutea gaur egun auzitegi batean?", galdetu du. " Hitz hauek bake prozesuari eraso egiten diote, argi eta garbi". Mobilizatzen segitzera deitu du.