Epaiketa

Jon Salaberriaren aurkako epaiketan "interes politikoak" daudela salatu du Goirizelaiak

"Salaberriaren aurkako epaiketan interes politikoak daude, parlamentarioak egindako adierazpenak Batasunaren ilegalizaziorako froga bezala erabili baitziren". Jone Goirizelaia Jon Salaberria SA-ko parlamentarioaren abokatuak egin ditu adierazpen horiek EAEko Auzitegi Nagusiko irteeran. Salaberria epaitua izan da gaur iazko apirilean Eusko Legebiltzarrean egin zituen adierazpen batzuk direla medio. "ETAren borroka armatua Euskal Herriak dituen eskubide legitimoak defendatzeko egiten den borroka da", esan zuen Salaberriak bilkura hartan. "Terrorismoa goratzea eta justifikatzea" leporatzen diote parlamentarioari, eta hamabost hilabeteko espetxe zigorra eta hautetsi modura aukeratua izan ahal izateko inhabilitazioa eskatzen du fiskalak.

2003ko uztailaren 28a
18:41
Entzun
Akusatuaren abokatuak Salaberria aske uzteko eskatu du, eta fiskalak berriz, hamabost hilabeteko espetxe zigorra eta hautetsi modura aukeratua ahal izateko inhabilitazioa eskatzen du.

Jone Goirizelaiak Salaberriaren aurkako epaiketa atzeratzea eskatu du bere agerraldian, epaileen artean Manuel Maria Zorrila zegoelako eta epaile honek epaiketaren instrukzioan parte hartu duelako. "Epaile inpartzialak" ziurtatzeko egin du eskaera hori Goirizelaia abokatuak. Epaileek atzera bota dute eskaera hori, horrelako eskaerak aurrez egin behar direla esanez.

Jon Salaberriaren abokatuak akusatuari parlamentario bezala dagokion "bortxaezintasun" eskubidea berma dadila eskatu du hurrena, Eusko Legebiltzarrean parlamentarioek egiten dituzten adierazpenak eskubide horrek babesten dituela esanez. Fiskalak, ordea, argudio horrek ez duela balio esan dio, egun horretako gai-zerrendako gaia intsumisioa zela esanez, eta Salaberriaren adierazpenak lekuz kanpo zeudela gehituz.

Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentarioak epaiketan adierazi duenaren arabera, adierazpen horiek "ETAk esaten duen zerbait dira" eta berak "ez duela ezer asmatu, ez direla bereak" argudiatu du.

Epaiketaren amaieran Jone Goirizelaiak salatu du Salaberriaren aurkako epaiketan "interes politikoak" daudela, adierazpen horiek Batasunaren ilegalizazio prozesuan froga bezala erabili zirelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.