Gatazka politikoa

Jonan Fernandez: "Bigarren trantsizio garai bat bizitzen ari gara; probokazioan erortzen ez bagara aldaketa etorriko da"

Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzaile nagusiaren ustez, euskal gatazka politikoa gainditzeko bigarren aukera baten aurrean dago euskal gizartea. "Bigarren trantsizio garai bat bizitzen ari gara; probokazioan erortzen ez bagara aldaketa etorriko da", azpimarratu du Fernandezek Radio Euskadin. Halaber, aldaketa garaiak tentsio mementoen ondoren etortzen direla adierazi du. Atzo Bilboko Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian bizitakoak "alarma sozial eta politikoa" islatzen zuela nabarmendu du, "jendeak bide politikoaren alde egiten duelako, hein handi batean".

2003ko abenduaren 4a
14:23
Entzun
Elkarriko koordinatzailearen esanetan, Atutxa, Knorr eta Bilbao atzo epaitegian ikustea PPren estrategiaren ondorioa da, "PPk elkarrizketa utzi eta kondenatu duelako". Fernandezen arabera, PPk "unilateralismoa" bilatzen du eta horretarako, "lehenengo mediatikoki kriminalizatzen du eta gero judizialki". Hori guztia PPk Espainaiko Kongresuan gehiengo absolutua lortu zuenetik etorri dela nabarmendu du, "disidentzia egiten duenari traizioa egiten duela esaten baitiote".

Fernandezen esanetan, PPren egungo estrategia "probokazio hutsa" da, eta jarrera hori erakusten badu zerbaitengatik erakusten duelako nabarmendu du. "Aldaketa garai guztien aurretik tentsio uneak bizi izaten dira, gizarte honetan badagoela sektore kontserbadore bat bere bideari tinko eusten diona", esan du. Euskal gizartea, ordea, "oinarrizko giza eskubideen alde egiteko hezitako" gizartea dela adierazi du, eta "probokazioari proposamen politikoekin erantzun" behar zaiola azpimarratu du, "iparra eta printzipioak galdu gabe".

Bigarren trantsizioaren atarian

Atzo Bilboko Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian bizitakoak "alarma sozial eta politikoa" islatzen zuela nabarmendu du, "jendeak bide politikoaren alde egiten duelako, hein handi batean". Hori dela eta, "bigarren aukera handi baten atarian" dagoela euskal gizartea nabarmendu du Fernandezek. "Bigarren trantsizio garai bat bizitzen ari gara; probokazioan erortzen ez bagara aldaketa etorriko da", esan du Elkarriko buruak.

"Asko hitz egin" beharreko garaiak datoz, Fernandezen ustez, bai Legebiltzarrean eta baita alderdien exekutibetan. "Batzuk proposamenak egiten dituzte, beste batzuk horiei aurre egiteko beste proposamen batzuk plazaratzen dituzte, eta hori da bidea", esan du. Halaber, datorren urteko martxoan PPk ez duela gehiengo absoluturik aterako aurreratu du. ETAk euskal gizartean gertatzen ari dena ulertu behar dutela esan du Fernandezek.

Abenduaren 20ko manifestazioa

Elkarrik abenduaren 20an Bilbon manifestazioa egingo duela iragarri dute asteon, eta lau printzipio nagusia nabarmentzen ditu: "Giza eskubideei errespetua, herri borondatea, alderdi guztien arteko elkarrizketa eta akordio plurala". Manifestazio hau Elkarriren 11. urteurrena ospatzeko eta sinadura kanpaina gizarteratzeko antolatu dutela esan du, baina baita "euskal gizarteak oinarrizko giza eskubideak defendatzeko ere".

Ezker abertzaleari eta gainerako alderdiei "era positiboan" lan egiteko galdegin die Elkarriko buruak, elkarguneak bilatuko dituen proposamenak jarriz mahai gainean. "Tentsio uneak bizi ditugula egia da, baina ezingo dugu beti oztopoei begira bizi, horrela ez baikara inora iritsiko", adierazi du.

Halaber, Eguberrietarako ETAk su-etena iragarri duela eta alderdi guztiak bilduko dituen mahaiaren osaketa ikustea gustatuko litzaiokeela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.