Eusko Jaurlaritzak Jonan Fernandez Elkarri-ko koordinatzaile ohia eta Baketik zentroko zuzendaria (Tolosa, 1962) izendatuko du Bake eta Elkarbizitza Sailaren zuzendari, bihar, Gobernu Kontseiluaren bileran, Noticias taldeak dakarrenez.
Orain arte Jaurlaritzako sailetan sakabanatuta zeuden bakegintza, bizikidetza, memoria, giza eskubideak eta biktimen arreta. Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak denak sail berean jartzea erabaki du, eta Fernandezi ematea haren kudeaketaren ardura. Jaurlaritzak bakegintza alorreko ekimenari batasun eta koherentzia handiagoa eman nahi dio hala.
Ondorioz, Biktimen Arretarako Bulegoa desagertu egingo da. 2002an sortu zuen Jaurlaritzak, lehendakari Juan Jose Ibarretxe zela, eta Maixabel Lasa izan da harrezkero arduradun. Duela aste batzuk Lasak jakinarazi zuen utzi egingo zuela.
Euskal Herriko eragile gehienek gatazkaren konponbidean bakegintzari lehentasuna emana diote; ezker abertzaleak tartean, euskal presoen atala ere aintzat hartuta. ETAk 2011ko urriaren 20an jakinarazi zuen betiko utzi zuela jarduera armatua.
Fernandez 1987-1991 artean HBko zinegotzi izan zen Tolosako Udalean. Ondoren, Lurraldea ingurumen elkarteko arduradunetakoa izan zen —Leitzarango autobidearen auzia izan zen haien gai nagusia—. Elkarri bake eta elkarrizketarako plataforma sortu zuen gero, beste kide batzuekin. Baketik-en duela sei urtetik dago.