euskal presoak

Jone Artola: "Mendekuz josita dagoen neurri batek ez dauka onarpenik"

Ospitaletik egin ditu adierazpenok. Larunbatean Sareren ekitaldira joateko deia egin du. Etxerat-ek elkarretaratzeak egin ditu Hegoaldeko lau hiriburuetan, sakabanaketa salatzeko.

Sakabanaketaren kontra Etxerat-ek Gasteizen egindako elkarretaratzea. RAUL BOGAJO, ARP
2014ko irailaren 17a
19:35
Entzun

Berriro lanean hasteko "gogoarekin" agertu da Jone Artola Etxerat-eko kidea ospitalean, sakabanaketaren aurka egiteko. "Ezin dugu onartu guri gertatu zaiguna hurrengo astean, hurrengo hilabetean beste senide batzuei edo lagunei gertatzea". Ugaitz Perez presoaren senideek istripua izan zuten larunbat gauean. Artola kidea autoan harrapatuta geratu zen. Beste senide batek atera behar izan zuen atzeko leihotik. Alde bateko hiru saihets hautsiak ditu, beste aldeko bat ere bai, humero hezurra hiru lekutatik zatituta eta bularrezurra pitzatuta. Ostiralean egingo diote ebakuntza.

Sakabanaketaren kontra Sarek larunbaterako deitutako ekitaldiari babesa adierazi dio: "Hitzordu oso garrantzitsua daukagu denok hurrengo larunbatean". Haren arabera, "heldu da momentua denok batera" sakabanaketa bertan behera uztea lortzeko. Bera fisikoki han egongo ez den arren, bertaratutakoekin bat egingo duela esan du.

Bideoa: Jone Artolaren adierazpenak bildu ditu Sarek.

[youtube]http://youtu.be/lzhduhO8Ft0[/youtube]

Etxerat-en mezua

Etxerat-ek Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari igorri dio mezua: "Lehendakari gisa nola babestuko gaituzu?". Eguerdian elkarretatzeak egin ditu Etxerat-ek: Bilboko Arriagan, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, Donostiako udaletxean eta Iruñean, parlamentu aurrean.

Elkarteak salatu du gertatu berri den eta gertatu diren istripuak ez direla "kasualitatea, kausalitatea baizik". Adierazi duenez, senideak bisitatzeko erabakia eurena da, baina erantzukizuna ez. "Senideak ikusteko eskubidea gauzatzeko astero ehundaka kilometro egiteko erantzukizuna eta bidaiak egiteko baldintzen erantzukizuna ez dira gureak". Giza eskubideak errespetatzeko deia egin du: "Giza eskubideak ez dira erosten, ezta saldu ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.