EUSKAL HERRIA

Jorge Aldekoari "zer zor dion" argitzeko eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

Iñigo Cabacasen operatiboko burua Ertzaintzako buru izendatu izana kritikatu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak.

Julen Arzuaga, Bilbon. EH BILDU
2013ko azaroaren 26a
13:34
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Jorge Aldekoa Iñigo Cabacas pilotakada batez buruan jo zuen operatiboko burua Ertzaintzako buru izendatu izana lotsagarritzat jo du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Haren esanetan, "Aldekoaren izena eta polizia eredu berria esaldi berean jartzea guztiz lotsagarria da, sarkasmoa". Haren iritziz, Segurtasun Sailak argitu beharko luke "zergatik hartu duen erabaki hori, zer zor dioten Aldekoa jaunari, zer-nolako zerbitzuak saritu nahi dituzten igoera honen bitartez".

Arzuagak nabarmendu duenez, "bere agenda politikoan Ertzaintzak izan behar duen lehentasuna bere bortizkeriaren ondorioak argitzea da, Iñigo Cabacasen heriotza guztiz argitzea, egia eta justizia osoa ematea". Horren harira, legebiltzarrean gainerako alderdiek auzi horri buruzko ikerketa batzordea eratzea eragotzi dutela gogora ekarri ostean, EH Bilduren ordezkariak euren "moral bikoitza" salatu du. "Zoru etikoaz mintzatzen zaizkigunak, ikerketa batzordea sortzea galarazi duten berberak, dira izendapen honen arduradunak, Iñigo Cabacas hil zuen operatiboko burua mailaz igotzearen arduradunak".

Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen polizia operatiboa gidatu zuen Aldekoak —Ugartekok—. Bere aginduetara zituen ertzainei zeukaten "guztiarekin" oldartzeko agindu zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.